Bizkaiko hogei gazte sortzaileren lekukotza
Ertibil 2016 erakusketa ibiltaria Gernika-Lumora ailegatu da. Urriaren 6a bitartean, epaimahaiak aukeratutako hogei lanak ikusgai egongo dira kultur etxeko erakusketa aretoan.Arte bisuala ardatz duen 34. Ertibil erakusketa Gernika-Lumoko Kultur Etxera ...
Ertibil 2016 erakusketa ibiltaria Gernika-Lumora ailegatu da. Urriaren 6a bitartean, epaimahaiak aukeratutako hogei lanak ikusgai egongo dira kultur etxeko erakusketa aretoan.
Arte bisuala ardatz duen 34. Ertibil erakusketa Gernika-Lumoko Kultur Etxera heldu da. Urriaren 6a arte izango da ikusgai. Guztira, hogei lan aukeratu dituzte aurten Ertibil erakusketa ibiltariaren parte izateko. Horien artean daude, aurtengo irabazleen lanak: Amaia Gracia Azketarena lehenengo saria, Irantzu Yaldebererena bigarren saria eta Helena Goñirena hirugarren saria.2016ko deialdira 109 artista aurkeztu dira. Proposamen horiek guztiek egungo jendartearen ikuspegia erakusten dute, eta joera abangoardistenen erakusgarri dira.
Arlo artistikoko gazte sortzaile eta berritzaileenak zein joera berri sortzaileenak biltzen ditu Ertibilek, baita kultura eta artea sortu eta zabaltzeko beharrezkoa den erakundeen bultzada ere. Programa horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian lan egiten duten talentu sortzaile berriak agertzea sustatu eta bultzatu nahi duela azaldu, eta, era berean, aukeratutako artisten lanei zabalkundea eman eta horiei balioa ematea lortzen du.
Maiatzetik abendura
Maiatzaren 11n egin zuten aurtengo Ertibil erakusketaren aurkezpena, Bilboko Errekalde aretoan. Sestao, Durango, Lekeitio eta Santurtzin erakutsi ostean, Gernika-Lumora ekarri dituzte aurtengo erakusketarako aukeratutako artelanak. Hain zuzen, Daniel Castillejo Alonso, Zuhar Iruretagoiena Labeaga, Abigail Lazcoz Saez eta Ane Rodriguez Armendarizek osatutako epaimahaiak aukeratutako hogei artelanak daude ikusgai erakusketa aretoan.
Gernika-Lumon ikusgai egon eta gero, Arrigorriaga, Derio, Ermua eta Igorrera eroango dute; Elorrio izango du azken geltoki.