Urria eta martxoa bitartean gauzatuko da Anezka programa Busturialdean
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Demak-Enpresa Garapenak urria eta martxoa bitartean gauzatuko den Anezka programa abiarazi du. Aipatu programa Bermeon egingo da eta barikua [irailak 30] da izena emateko azken eguna. Bermeoaldeko Behargintzan eman daiteke izena edo www.dema.eus webgunean.
Busturialdeko herrietan erroldatutako pertsonek eman ahalko dute izena Anezka programan. Langabetuek, lana hobetzeko prozesuetan daudenek zein adinez nagusiak direnek parte hartu ahalko dute. Azaldu dutenez, 20 laguneko talde bat osatzea da helburua.
Programa horren helburua langabetuek lana lortzea da; beren kontura edo inoren kontura. Horretarako, langabeen talde heterogeneo bat sortzen dute, «espiritu dinamikoa, konprometitua eta solidarioa» duen taldea, hain zuzen ere.
Jarduera nagusiak talde-saioetan garatuko dituztela azaldu dute programako arduradunek. Horrez gain, coach bategaz pertsonalizatutako saioak ere jasoko dituzte. Bestalde, enpresekin kontaktu zuzenak izango dituzte eta boluntario korporatiboen laguntza ere jasoko dute parte hartzaileek. Gainera, tailerretan, foroetan eta ekintzailetzari buruzko saioetan ere parte hartuko dute.
Astean lau egunetan batuko dira; egun bakoitzean 4 orduko saiok egingo dituzte.