Sormena lantzeko idazmen tailerra abiaraziko du Bermeoko liburutegiak
8 eta 11 urte bitarteko umeengan irakurzaletasuna suspertu asmoz, Bermeoko udal liburutegiak sormena lantzeko idazmen tailerra martxan jarriko du ikasturte honetan. Ekimen hau urria eta maiatza bitartean izango da. Udal liburutegitik jakinarazi dutenez, hilero ordubeteko saioak egingo dituzte.
Sormena lantzeko idazmen tailerretan umeen gurariak, interesak eta fantasia pertsonalak abiapuntu hartuta, ariketak, jokoak eta dinamika ezberdinak egingo dituztela azaldu dute, “umeen irakurzaletasuna suspertzeko, batetik; eta, liburuekiko atxikimendua sortzeko, bestetik”.
Udal Liburutegitik adierazi dutenez, «giro atsegina» sortu gura dute aipatu tailerrean; hala, «umeak gustura eta pozik egotea eta umeengan liburuak irakurtzeko gogoa piztea» da, hain zuzen ere, euren helburua.
Era berean, umeek liburutegia zertarako den eta nola erabiltzen den ikastea ere gura dutela diote; «apurka-apurka liburuak euren kabuz aurkitzeko gauza izan daitezen». Izan ere, Bermeoko liburutegiaren ustez, «irakurtzearekin gozatzen ikasten dute umeak arin hasten dira liburuz liburu kuxkuxeatzen, baina horretarako liburuak mota askotakoak direla jakin behar dute, eta bakoitza aurkitzeko nora jo behar den ikasi».
Tailerrean erabiliko duten metodoaren oinarria, denek parte hartzea da. Horregatik, diotenez, saio guztietan egongo dira hezkuntza eta dibertsioa uztartzen dituzten jarduerak. Klasearen hasieran eta amaieran ipuin bat edo liburu baten zatitxo bat irakurriko dute. Gainerako denboran, hazten laguntzen dien jolas batzuen bidez, umeek, ipuinak eta asmatutako istorioak idatziko dituzte.
Ekimen horretan parte hartu gura duten horiek edo informazio gehiago gura dutenek, Bermeoko udal liburutegira jo beharko dute.