Gernika-Lumoko rallyan izena emateko epea barikuan zarratuko da
Urriaren 7an eta 8an korrituko da Gernika-Lumoko 23. rallya. Euskadiko Rally Txapelketarako puntuagarria izango den proba honek, Gernika-Lumo, Munitibar, Urrutxua, Zugastietan, Olabarri, Ajangiz, Ibartxu, Belendiz, Nabarniz eta Arratzutik igaroko diren bost tarteek osatuko dute. Izen ematea barikuan [irailaren 30a] itxiko da, 22:00etan. Parte hartu gura duten pilotuek aukera dute www.gernikaracing.com webgunean.
Hurrengo asteko bariku eta zapatuan egingo den proba Bizkaiko Rally Txapelketarako, Euskadiko Sport Erregularitatezko Txapelketarako eta Bizkaiko Sport Erregularitatezko Txapelketarako puntuagarria ere izango da.
Parte hartzaileei dagokienez, derrigorrezko publizitatea onartzen duten autoek 250 euro ordaindu beharko dituzte, eta iragarkiak onartzen ez dituztenek 500 euro.
Sport Erregularitatezko txapelketako gidariak ere lehiatuko dira asteburuan. Horiek, izena emateko 130 euro ordaindu beharko dituzte iragarkiekin, eta publizitatea nahi ez dutenek berriz, 260 euro.
Dirua Kutxabankeko ES 57 2095 0321 70 9174602446 kontu korronte sartu beharko dute irailaren 30a baino lehenago eta inskripzioa www.gernikaracing.com webgunetik egin dezakete.
Rallyan izena eman dutenen zerrenda urriaren 4an argitaratuko dute, elkartearen webgunean.
226km-ko hamar tarte
Bi etapek osatuko duten rallyak erlojupeko hamar tarte izango ditu aurten, guztira 226km-ko ibilbidearekin. Barikuko lehen tartean, Gernikatik Lumora joan eta itzuliko bi tarte egingo dituzte arratsaldean eta iluntzean.
Zapatuan berriz, goizetik hasita Munitibarretik hasi eta Urrutxua eta Zugastieta tartea egingo dute. Jarraian, Olabarria eta Gernika-Lumo tartea hasiko da, ondoren tarte biak errepikatzeko.
Arratsaldean Ajangiz, Ibartxu eta Arratzu, eta Belendiz eta Nabarniz hartzen dituzten tarteak egingo dituzte, bi pasaldirekin hauek ere.
Sariei dagokienez, modalitate bakoitzeko bost sari emango dituzte, lasterketan eta Sport Erregularitatean azkarrenak diren pilotu eta kopilotuak sarituz. Horietaz gain, Renault Turbo sariak ere banatuko dituzte, modalitate honetako lehen hiru sailkatuentzako.