Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa Euskal Ligan garaile
Neumatika kategoriako Euskal Herriko txapeldunak dira gernikarrak. Zapatuan Eskoriatzan (Gipuzkoa) jokatu zuten Euskal Ligaren azken proba.
Hain zuzen ere, azken proban erabaki zen Neumatika kategoriako aurtengo bikote txapelduna. Azken momentura arte, lehia estua egon da Zumalakarregi eta Ajuriagoikoaren eta Markez anaien artean. Kategoria horretan, guztira hamahiru talde lehiatu dira.
Lehenengo urtea da txapelketa irabazten dutena, eta gernikarrak pozik eta egindako lanagaz gustura daude: “Denboraldia oso ona izan da. Oso ondo hasi ginen denboraldiko lehen probetan, baina, Markez anaiak liga aurrera joan ahala, gero eta hobeto aritu dira. Horregatik, presioa eduki dugu azken momentura arte”.
Aransolo eta Maruri nagusi, Errodamentuen kategorian
Bestalde, Aitor Aransolo muxikarra eta Itai Maruri gernikarra dira Errodamentuak kategoriako Euskal Herriko txapeldunak. Iraileko lehen asteburuan Trapagarango Goitibehera jaitsieran lortu zuten txapela janztea (proba horretan bigarren amaitu zuten).
Open Norte
Trokan Behera taldekoek, asteburu honetan, Kantabrian (Espainia) amaituko dute aurtengo denboraldia. Open Norte txapelketaren azken proba lehiatuko dute, Puente de San Migel deritzona.
Euskal Herriko eta Kantabriako lau probak osatzen dute txapelketa. Udan Kantabrian jokatu zuen lasterketa bat, eta Legazpikoa eta Eskoriatzakoa izan dira Euskal Herriko proba puntuagarriak.
Open Norteren behin-behineko sailkapen buru dira Zumalakarregi eta Ajuriagoikoa. Kantabriako bikote bat dute atzetik, eta bien artean puntu gutxiren aldea dagoenez, asteburuan erabakiko da zein den bikote irabazlea.