71-57 nagusitu zen zapatuan, Lacturale Araskiren kontrako finalean, Getxoko Fadura kiroldegian. Hain zuzen ere, aurreko asteburuan Euskal Kopako finala jokatu zuten bi taldeek lehiatu dute finala.
Talde gasteiztarrak sufritu egin zuen lehenengo minutuetan, baina, partidan sartu zenean talde gernikarra estutzen asmatu zuen.
Argazkia: Gernika KESB.
Lehen saskiratzea Araskik lortu bazuen ere, Gernika Bizkaiako jokalariek arin erantzun zuten, eta bederatzigarren minuturako, 24-6-ko markagailuagaz ziren. Ondo hasi zen Malosteko taldea, batik bat baloia berreskuratzen eta kontraerasoetan asmatzen. 27-11 amaitu zuten lehen laurdena.
Baina, hurrengo minutuetan egoera guztiz aldatu zen. Talde gernikarra paseetan ezin asmatu zebilen, eta hutsegiteetan baloia galtzen. Gainera, bigarren laurdenean aurkariak hobeto jokatu zuen, defentsa eta taldelan sendoagaz, eta ondorioz aldea murriztea lortu zuten. 39-33-ko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean, lehia berdindua izan zen; bi taldeak garaipena lortzeko ahaleginetan jokatu zuten. Horren adierazle dira 45-42 eta 55-55ko markagailuak. Gernika Bizkaiako Llorentek, Asurmendik eta Piñak berdinketa hori apurtzeko puntuak pilatu zituzten.
Argazkia: Gernika KESB.
Ligari ekiteko prest
Euskal Kopa eta Javi Durango Memoriala irabazi ostean, asteon hasiko dute Emakumezkoen Liga.
Lehen jardunaldia, eguaztenean, etxetik kanpo lehiatuko du talde gernikarrak.
C.B Al-Qazeres-Extremaduraren kontra jokatuko du, Caceresen (Extremadura, Espainia).
Asteburuan, bigarren jardunaldian, etxeko zaleen aurrean euskal derbia jokatuko dute. Hain zuzen ere, azken bi txapelketetan aurkari izan duen Lacturale
Araski talde gasteiztarraren kontra lehiatuko dira Malosten.