Basurdeek galdu egin dute etxetik kanpoko lehen partida
Zapatuan Sevillan (Andaluzia, Espainia) lehiatu zuten 2016-2017 denboraldiko 2. jardunaldia. Gernika R.T-k 42-33 galdu zuen Ciencias Fundacion Cajasol taldearen kontra.
Sevillako beroak ez zuen askorik eragin basurdeengan, baina, Cienciaseko zaleen babesak eragina izan zuen partidan. Indartsu zelairatu zen talde gernikarra, bi entsegurekin markagailua estreinatuz. Baina, etxeko taldeak berehala erantzun zuen.
Lehen zatiaren amaieran talde sevilarrak entsegu bat egin, eta puntu bakarreko aldeagaz geratu ziren. Hala ere, basurdeak aurkaria baino gehiago izan ziren zelaian.
Atsedenaldiaren ostean ere talde gernikarrak maila ona erakutsi, eta aurkaria gogor estutu zuen. Hain zuzen ere, bigarren zatia hasi eta gutxira Palisak gernikarrentzako puntuak pilatzea lortu zuen.
Baina, pozak ez zien asko iraun basurdeei. Etxeko taldeak entsegua egin, eta markagailuan aurretik jarri zen. Beranduago Cienciasek beste entsegu bat egin zuen, eta ondorioz, aldea handitu zuten.
Jesus Martinezek txartel horia ikusi zuen, eta etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin zegoen zelaian. Hala ere, jokoan zuten nagusitasuna ondo aprobetxatu zuten, eta basurdeek ahaleginak egin arren, ezin izan zuten garaipena lortu.
Euskal derbia
Asteburuko partidaren ostean, Gernika R.T.-k Hernaniren kontrako derbia jokatuko du Urbietan, domekan. 12:00etan hasiko da partida.