Asteburuan jai giroan jokatu dute surf txapelketa. Ogoñope Surf taldeko kideek balorazio oso positiboa egin dute, izan ere, iaz baino parte hartzaile gehiago egon dira, eta surferako baldintza oso onak izan dituzte. “Giro ederra izan dugu asteburuan. Txapelketa oso ondo joan da. Zapatuan surferako oso baldintza onak izan genituen, eta domekan haizeak eragina izan bazuen ere dena ondo atera zen. Olatuak egon dira bi egunetan, eta hori da garrantzitsuena”.
Antolatzaileek batik bat umeen kategorian izandako parte hartzea nabarmendu dute. Inguruko umeekin batera, Mundakako eta Lekeitioko partaideak batu ziren Lagan. “Umeak oso pozik ibili dira. Opariak banatu genizkien eta gurasoengandik eskerrak eta zorion berbak jaso ditugu”.
Bestalde, nagusien kategorietan parte hartzaile gehienak Ogoñopekoak izan zirela zehaztu dute.
Zapatuan kanporaketak jokatu zituzten, eta domekan lehiatu zituzten kategoria guztietako finalak.
Surf Open kategorian Diego Borcherss izan da irabazlea, eta haren atzetik Ibon Wolschrijn sailkatu da. Alvaro Guindillak osatu du podiuma, eta Beñat Egidazu laugarren geratu da.
Peio Etxebarrieta izan da aurten Longboard kategoriako onena. Haregaz batera, Jon Olaizolak eta Gorka Corresek osatu dute podiuma.
Bodyboard kategorian, berriz, Gorka Lopez nagusitu da. Beñat F eta Lander Larruzea bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
16 urtez azpikoetan Guillermo Amezaga izan da garailea. Martin Moina izan da bigarrena, eta Lander Sustatxa hirugarrena, Etore Muniategik laugarren amaitu zuen proba.
Surf festa
Txapelketa lehiatzeagaz batera, antolatzaileek zein parte hartzaileek ondo pasatzeko helburuagaz surf jaia ospatu dute Lagan. Besteak beste, txalupa puzgarrietan uretaratu ziren zapatu goizean.
Halaber, jan-edanik ez dute falta izan, eta zapatu gauean
Los Talibanes del Surf eta
Crianza Clearwine Revival eskualdeko musika taldeen emanaldian jende asko batu zen Toki Alai tabernan. Horiek amaitzean, DJ emanaldia ere izan zuten.
Albiste honekin lotuta (ARGAZKI GALERIA)