Imanol Goñik eta Leire Monasteriok irabazi dute Urdaibai Kopa
Gaur jokatu dute VIII. Forutik-Forura mendi martxa eta lasterketa, eta Urdaibai Kopako azken lasterketa puntuagarria ere izan da. Arrolapeko Joanes Goitisolok eta Leire Monasteriok irabazi dute lasterketa, eta kopa Imanol Goñik eta Leire Monasteriok eraman dute etxera.
Goñik 199 puntu bildu ditu eta puntu bakarrera sailkatu da Goitisolo. 190 puntugaz Arkaitz Muñoz sailkatu da hirugarren. Hirurek Urdaibai kopako bost lasterketetatik lau lehiatu dituzte.
Nesken sailkapen nagusiari dagokionez, 192 puntu batu ditu Monasteriok. Irantzu Onaindiak eta Agurtzane Argiarrok puntu kopuru bera bildu dute: 190 puntu. Hirurek Urdaibai Kopako bost probak burutu dituzte.
Goitisolok ordu bete, 45 minutu eta 20 segundotan amaitu du 21, 6 kilometroko lasterketa. Imanol Goñi heldu da bigarren, Goitisolorengandik hiru minutu eta 56 segundora. Eneko Zabala sailkatu da hirugarren, irabazlearengandik bost minutu eta hiru segundora. Bestalde, bi ordu, hamasei minutu eta hamahiru segundoko marka lortu du Monasteriok. Onaindia sailkatu da Monasterioren atzetik, hiru minutu eta 29 segundora. Argiarrok, berriz, bi ordu, 32 minutu eta hiru segundotan amaitu du lasterketa. Guztira, 51 korrikalarik lehiatu dute Urdaibai Kopako azken lasterketa. Zero zabor kanpaina Eguraldia lagun, hiru modalitateak kontuan hartuta, 366 parte hartzaile batu dira Foruan. Martxa laburra egin duten lehen urtea izan da, eta Haitz Biribil elkarteko kideak oso pozik daude eduki duen harreragaz eta parteartzeagaz. Hain zuzen ere, 168 pertsonak burutu dute mendi martxa laburra. “Datorren urtera begira apostu berdina egingo dugu”. Aurtengo beste berritasuna Forun duten Zero Zabor kanpainarekin bat egitea izan da. Anoa postuetan bildutako zaborra sailkatu egin dute: Konposta, latak, plastikoak eta errefuxa. “Plastiko hondakin gutxiago sortzeko ur botilak kendu, eta Foruko iturburuko ura jarri dugu bidoi handietan. Halaber, berrerabiltzen diren edalontziak erabili ditugu ura emateko. Harrera ona eduki du eta batez ere anoa postuetan jendeak oso ondo erantzun du”.