Eusko Alderdi Jeltzaleak izan ditu boto gehien, Busturialdeko 20 herrietako datuak batuta. Hain zuzen,
12.724 boto izan dituzte jeltzaleek eskualdean.
Bigarren indarra izan da
EH Bildu,
8.034 botorekin. Espero bezala,
Elkarrekin Podemos izan da
hirugarren indarra Busturialdean. Boto kopurua kontuan hartuta, EAJrengandik eta EH Bildurengandik urrun gelditu da Pili Zabala buru izan duen hautagaitzak. Hala ere, guztira,
2.046 boto izan dituzte. Gogoratu behar da Elkarrekin Podemos lehenengoz aurkzetu dela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Koalizioaren baitan aurkeztu dira orain Ezker-Anitza, Ezker Batua eta Equo. Hiru horiek, guztira, 610 boto izan zituzten 2012an Busturialdean. Gernikan eta Bermeon erakutsi du Elkarrekin Podemosek indarrik handiena. 775 boto izan ditu Gernikan, eta 773 Bermeon.
PSE-EEk eta PPk behera egin dute gaurko hauteskundeetan. Hain zuzen, 20 herrietako datuak zenbatuta, 799 boto izan dituzte sozialistek (1476 boto izan zituzten 2012an), eta 539 PPk (621 2012an). Ciudadanos ere lehenengoz aurkeztu daa Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta Busturialdean 160 boto zenbatu ditu.
Abstentzioak eragina izan du emaitzetan. 2012an baino herritar gutxiago joan da gaur hauteslekuetara botoa ematera. Busturialdean, gaur, orain lau urte baino heritar gehiagok izan dute botoa emateko eskubidea. Hain zuzen, 41.264 herritar zeuden gaur botoa ematera deituta, eta 36.862 izan ziren 2012an Busturialdean botoa emateko eskubidea zutenak. Abstentzioa altua izan da oraingoan; batezbeste,
%27,29koa (2012an %25,09koa izan zen). Hain zuzen, 11.263 pertsona izan dira botorik eman ez dutenak gaur.
Atzerriko botoak zenbatzeko zain, une honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zenbatutako datuak kontuan hartuta, EAJk 29 eserleku izango lituzke Legebiltzarrean. 397.000 boto izan ditu guztira, orain lau urte baino 12.000 gehiago. 17 legebiltzarkide izango lituzke EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek 11, eta PSE-EEk eta PPk 9na legebiltzarkide. Bizkaiko lurralde historikoan, 12 legebiltzarkide lortu dituzte jeltzaleek, EH Bilduk 4, Elkarrekin Podemosek 4, PSE-EEk 3 eta PPk 2. Abstentzioa Bizkaian %37koa izan da; hiru lurraldeetan zenbatutako abstentzioa baino puntu bat gutxiago (%38).
Emaitzak, herriz herri,
hemen.