Laga Classic Surf Txapelketari hasiera eman diote gaur. 10:00etatik aurrera, surflarien ikuskizunagaz gozatzeko aukera izan dute Lagan batu diren zaleak. 14 urtez azpikoen mangekin hasi dute lehen kanporaketa.
Txapelketan kategoria hauek lehiatuko dituzte: 14 urtetik beherakoak, 18 urtetik beherakoak, nesken eta mutilen openak eta kortxozko body board.
XXVII. Laga Classic Surf Txapelketak, baina, olatuekin gozatzeko aukera baino askoz gehiago eskainiko du aurten ere.
Ogoñope Surf Taldeko kideek esan dutenez, txapelketa berezia izango da. Izan ere, besteren artean bigarren eskuko merkatua edota kontzertuak prestatu dituzte.
Jai giroan egin gura izan dute aurten surf txapelketa; horretarako, egun osoko egitarau zabala prestatu dute. Aurtengo berrikuntzetako bat txalupa puzgarriekin uretaratuko direla izango da, eta gaur goizean txalupekin olatuak hartzera ere ausartu dira.
Gaurko sailkapenaren ostean, bihar jokatuko dute finala.