Siriako errefuxiatuak laguntzeko asmoz, estropada solidarioa egin dute gaur, Ean. 13:30ean hasita, kayak-etan lehiatu dira eatarrak. Parte hartzaileek 10 euro ordaindu dituzte, errefuxiatuentzako dirua bildu asmoz.
Herri bazkaria egin dute ostean, eta jaiak goizalderarte iraungo du. 20:00etan hasita, mojito solidarioak dastatzeko aukera egongo da 4 euroren truke. Gauean DJ festa izango dute Atxaundi azpian.
Gaurko ekimen solidarioak Siriako errefuxiatuak laguntzea du helburu. Hain zuzen, Grezian elkartasun lanetan diharduen Zaporeak taldeari emango diote dirua. Talde horrek 1.500 errefuxiatu baino gehiago elikatzen ditu egunero. Gaur Ean izango dira; hala, eatarrek haien proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
Iaz egin zuten lehenengoz estropada solidarioa, eta antolatzaileen berbetan, «arrakastatsua» izan zen. Giro paregabea sortu zuten, eta siriar errefuxiatuentzako diru bilketaren helburuak «soberan bete» zituzten.
Hain zuzen ere, iaz, gutxi gorabehera, 1.200 euro batu zituzten, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, aurten kopuru hori gainditzea espero dute.