Bermeon Skate or Due jaialdia egingo dute zapatuan. Skateruek kirol elkarteak Jose Done ikastetxeko skate parkearen 11. urteurrena ospatzeko antolatu du jaialdia, Bermeoko Udalaren laguntzarekin.
Egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etatik 14:00etara, skatean ibiltzeko aukeraizango dute txikienek; 16 urtera bitarteko ume eta gaztetxoek, hain zuzen ere. Arratsaldean, berriz, 16 urtez azpikoen erakustaldia eta txapelketa izango da, 16:00etatik 17:30era. 18:00etan hasi eta 20:00ak bitartean, aldiz, Best Trick txapelketa, lasterketak eta azken gudaria izango dira skate parkean, besteak beste.
Kontzertuak
Gauean ere egongo da zegaz gozatu Jose Done ikastetxeko parkean. 20:00etan hasiko dira jokoak, eta 22:00ak arte, lasterketak eta skate erakustaldiak ere egingo dituzte Skate or Due jaialdiren baitan. Ostean, 22:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira. 02:00ak arte, musikak girotuko du skate parkea.
Punk rock doinuak ekarriko ditu Gernika-Lumoko Primeros Auxilios taldeak; youth crew musika Bermeoko Revertt taldeak, eta Mungiako Wiked Wizard taldearen hard rock doinuak entzuteko aukera ere izango da zapatuan.
Ikasturte berria
Datorren astean skate gune atontzeko lanei ekingo diete. Jaialdia amaituta, iazko udara sasoitik gaur egun arte sortutako arrakalak bete eta, zorua konpondu ostean, pintura bereziarekin maargotuko dituzte pistak.
Izan ere, 2016-2017 ikasturterako skate eskolak antolatu ditu Bermeoko Udalak lehenengoz, urritik ekainera bitartean. Ume eta gaztetxoei zuzendutako ikastaroak izango direla jakinarazi dute.