Hasi da abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen Mareak jaialdia
Urriaren 11tik 15era bitartean, besteak beste, hitzaldiak, kontaketak, kontzertuak eta proiekzioak egongo dira aukeran, Bermeoko gune desberdinetako agertokietanAtzo arratsaldean Aita Guria baleontzian Alemaniako Dad Horse experience taldeak emandako k...
Urriaren 11tik 15era bitartean, besteak beste, hitzaldiak, kontaketak, kontzertuak eta proiekzioak egongo dira aukeran, Bermeoko gune desberdinetako agertokietan
Atzo arratsaldean Aita Guria baleontzian Alemaniako Dad Horse experience taldeak emandako kontzertuagaz eman diote hasiera Mareak jaialdiari. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta Bermeoko Udalak antolatutako jaialdiaren bigarren aldia izango da aurtengoa.Aurten, indartsuagoa dator abangoardia eta tradizioa uztartzea helburu duen jaialdia. Iaz, sei ekitaldi antolatu bazituzten, aurten, bederatzi egongo dira aukeran. Atzokoa aurkezpena baino ez ez zen izan, eta urriaren 11tik 15era bitartean, kontzertuak, hitzaldiak, kontaketak eta proiekzioak egongo dira aukeran, besteak beste.
Iazko formatuari eutsita, aurten ere, herriko gune desberdinak aukeratu dituzte jaialdirako. Hala, Nestor Basterretxea aretoa, Arrantzaleen Museoa, Aita Guria baleontzia eta Beleza Malandra Ateneo Kulturala aukeratu dituzte jaialdiko ikuskizunak egiteko.
Bisita gidatuak, doan
Beleza Malandra Ateneo Kulturaleko ordezkari Ane Ortubek azaldu duenez, urte osoan jaialdirako egitaraua ilusioz prestatzen ibili dira; «espero dugu guztiontzako interesgarria izatea». Mareak jaialdiaren helburuetako bat «herri kulturaren bitxi eder eta txikiak eskaintzea» dela dio Ortubek.
Era berean, ekitaldietako asko doanekoak direla gogorarazi gura izan du, eta jendea animatu dute kulturaz gozatzera. Sarrerak ekitaldiak hasi baino lehen eskuratu ahalko dira.
Bestalde, domekan, XVII. mendeko baleazaleen bizimodua erakusten duen Aita Guria baleontzia dohainik ezagutzeko aukera emango dute. 10:00etatik 14:00etara bisitatzeko aukera izango dute gura duten guztiek. Hala ere, bisita gidatuak ere egingo dituztela azaldu dute. Euskarazko bisita gidatuak 10:15ean eta 12:00etan izango dira, eta gaztelerazkoak, berriz, 11:00etan eta 13:30ean.