Izaro Sub taldeak jantzi du Euskadiko txapela
Kluben arteko Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa jokatu dute domekan. Arrain handienari saria ere hartu duteKluben arteko Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan, Armintzan. Domekan lehiatu zuten txapelketa, 09:00etan ha...
Kluben arteko Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa jokatu dute domekan. Arrain handienari saria ere hartu dute
Kluben arteko Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan, Armintzan. Domekan lehiatu zuten txapelketa, 09:00etan hasita. Urpeko arrantzan aritzen diren Bizkaiko hainbat klub batu ziren Uribe Kostako herri horretan, eta bost orduz, ur azpian ibili ziren arrantzan. 14:00ak arteko epea zuten, ahalik eta pieza gehien harrapatzeko.Bermeoko Izaro Sub klubak jantzi du aurten txapela. Guztira, 35.653 puntu lortu ditu Jon Mikel Bikandik, Lander Aurrekoetxeak eta Irkus Lopezek osatutako taldeak. Atzetik sailkatu ziren Real Sociedad klubeko bi taldeak. Hain zuzen, 32.705 puntugaz, bigarren sailkatu zen Eder Garciak, David Tartanek eta Garciak osotutako taldea. Hirugarren egin zuten Iñigo Atxak, Aitor Garciak eta Alex Sarriasek, 27.838 puntugaz.
Espainiakorako txartela
Izaro Sub taldeko urpekariek, gainera, arrantzatutako arrain handienaren saria ere lortu zuten domekan. Bi kiloko durdo gorri bat arrantzatu zuten Bermeoko klubeko kideek. Kluben arteko txapelketan lehenengo postua lortuta, Espainiako txapelketarako txartela ere badute Izaro Sub taldeko kideek.
Bilboko Urtabi taldeak antolatu zuen domekako txapelketa, eta, parte hartzaileek esan dutenez, egoera ez zen aproposena arrantzan ibiltzeko. Itsaso zakarra, haizea eta bi metroko olatuekin lehiatu behar izan zuten txapelketa. Gainera, ura nahikoa zikin zegoela esan dute. Ondorioz, parte hartzaileen artean, hiru taldek denbora agortu orduko porturatu ziren, zorabio eta gorputzaldi txarragaz. Hala ere, txapelketa giro ezin hobean lehiatu zutela azpimarratu dute.