Bizkaiko ondareaz jabetzeko hainbat ekintza prestatu dituzte urrirako
Ondarearen Europako Jardunaldien hamaseigarren aldia dela eta, urrian egiteko 300 ekintza baino gehiago aurkeztu dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek Ander zarragaEtxetik kanpo: migrazioak eta kultur ondarea izenpean aurkeztu dituzte XVI. Ondare...
Ondarearen Europako Jardunaldien hamaseigarren aldia dela eta, urrian egiteko 300 ekintza baino gehiago aurkeztu dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek Ander zarraga
Etxetik kanpo: migrazioak eta kultur ondarea izenpean aurkeztu dituzte XVI. Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, Bermeoko Arrantzalearen Museoan. Urrian burutuko diren 300 ekintza baino gehiagoren aurkezpenean, aurreratu dute gai nagusiak diaspora, arrantza, euskal kirolak eta industrializazioa izango direla.Ordezkari eta kultur eragileen presentzia zabala izan zen herenegungo aurkezpenean. Horien artean zeuden Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatua, Derek Doyle britaniar kontsula, Maria Jose Bilbao kontsul islandiarra eta jardunaldietako koordinatzaile Ainara Martinez.
Datorren hilabetean egitekoak diren jardunaldiotan Bizkaiko 63 udalek, hamazazpi elkarte eta erakunde ofizialek, hamazazpi museok eta 50 kultur elkartek parte hartuko dute. Eta antolatu dituzten 300 ekintzen artean, besteak beste, bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak, azokak, gastronomia jarduerak eta berregite historikoak egingo dituztela jakinarazi dute.
Hamaseigarren Ondareari buruzko Europako Jardunaldi horietan «mugak gaindituko dituzten jarduerak» antolatu dituztela adierazi du Lorea Bilbaok. Izan ere, diputatuak nabarmendu duenez, geroz eta protagonismo handiagoa hartzen ari diren ekintzak dira jardunaldien baitan antolatzen direnak, Bizkaia mailan erreferente bilakatuz, «Europako erakunde eta gizarte eragileen inplikazioagaz».
Jardunaldien koordinatzaile Martinezek adierazi modura, Historiaurretik hasi eta gaur egun arte Bizkaian sortu den ondare fisiko eta kulturalaren garrantzia nabarmenduko dira; industrializazioa eta gerra garaiko ondareak ere gogora ekarriz. «Ameriketara joan eta bueltan etorri ziren Indianoak eta atzerrian geratu zirenak ere gogoratuko ditugu».
Islandiagaz harremana
Jardunaldien artean, arrantza munduari toki berezi bat egin nahi izan diote Bermeon. Hala izanik, Euskaldunak Islandian: baleen eta bakailaoaren arrantza izenburupean erakusketa antolatu dute urrirako, Arrantzaleen Museoan.
Xabier Armendarizen ardurapean, arrantzaleek iparraldeko lurretan bizi izandako esperientziak erakutsiko dituzte. Batez ere, XVII. eta XVIII. mendeetan euskaldunek eta islandiarrek eduki zuten hartu-emanaren erakusgarri izango da.
Euskadi-Islandia Elkarteko Magnus Rafnssonek, gainera, hitzaldi bat emango du, euskaldunek eta Islandiako Strandasyslako biztanleek eduki zituzten harremanen inguruan; 1615ean gertatutako sarraskia barne.
Bestalde, Euskaltzaindiko Gidor Bilbaok Euskararen aztarnak Islandian hitzaldia emango du, bi komunitateen artean garatu zen hizkuntzari buruz, pidignari buruz.
Ekintza guztien informazioa eta egitarau osoa eskuratzeko, www.bizkaikoa.bizkaia.eus helbidean daude datu guztiak.
Ondarearen babesean
Europako Kontseiluak kultur-komunitatearen babesa bultzatu nahi du jardunaldi horiekin. Kontzeptu horregaz kultur ondarearekiko konpromisoa erakutsi nahi izan dute, herritarrei ahotsa emanez ondarea babesteko orduan.
Ondarea ulertzeko eta balioan jartzeko helburuan dihardute Bizkaiko hainbat elkartek eta taldek, eta aurtengo jardunaldietan berebiziko egitekoa eman nahi izan diete erakunde horiei; ondarea guztion eremua edo arloa dela adieraziz eta garrantzia pertsonengan jarriz.