Gernika Bizkaiak hirugarren urtez jarraian irabazi du Euskal Kopa. Hain zuzen ere, 2014ean titulu hori eskuratzea lortu duen lehen talde bizkaitarra izan zen.
Argazkia: Gernika KESB.
Atzo eguerdian jokatu zuten finala, eta Gernika Bizkaiak 54-35 hartu zuen mendean Araski.
Partidaren hasieratik etxeko taldeak hartu zuen aurrea markagailuan. Erritmo ona erakutsi zuen, baina, asmatzerakoan zorte handirik barik. Batik bat barruko jokoan nagusituta, eta defentsaren lan onari esker, 16-7-ko emaitzagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Defentsaren lana ezinbestekoa izan zen bigarren laurdenean ere, eta horri esker 30-18-ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdena aurreko bien bide beretik joan zen. Araski ez zegoen amore emateko prest, baina, talde gernikarrak hirugarren laurdeneko azken minutuetan kontrola bereganatu, eta hamar puntuko aldea lortu zuen. 42-29 amaitu zuten hirugarren laurdena.
IDK Gipuzkoaren kontra zapatuan
Zapatuko lehen jardunaldian IDK Gipuzkoari 69-50 irabazita sailkatu zen finalera talde gernikarra. Araski, berriz, 79-40 gailendu zen GDKO Ibaizabalen kontra.
Hain zuzen ere, IDK Gipuzkoa sailkatu da hirugarren, GDKO Ibaizabal 45-91 mendean hartuta.
Elkartasun kopa
Aurtengoa edizio berezia izan da, elkartasunezko Euskal Kopa. Maialen Aulestia lekeitiarraren aldeko txapelketa jokatu dute euskal taldeek.
Gaixotasun arraroa duen neskaren familiari eman zioten atzo sarrerekin lortutako dirua. Gutxi gorabehera 4.500 euro jaso ditu Aulestiaren familiak. Horregatik, Gernika KESB-etik Malostera bertaratutako ikusle guztien laguntza eskertu dute.
Fito abeslaria ere Malosten egon zen Aulestiari bere babesa erakusten.
Argazkia: Gernika KESB.
Hurrengo hitzordua bihar
Bestalde, Gernika Bizkaiak Frantziako Lehen Mailako Tarbes Frances taldearen kontra jokatuko du Malosten, bihar. 19:00etan hasiko da partida, eta sarrera doakoa da.