Josu Erkoreka EAJren Bizkaiko zerrendaburua Bermeon, bere herrian, egon zen domekan.
Josu Erkoreka
“Nahiz eta batzuek Euskadiren irudi iluna eta beltza eman gura duten, Euskadi txarto ez dagoela” esan zuen Lameran egindako agerraldian Erkorekak. Txarto ez egoteak, baina, “ez du esan gura, arazo guztiak konponduta daudenik” gaineratu zuen: “Txarto ez egoteak esan gura du zulotik ateratzen gabiltzala, bidean gabiltzala eta bide onetik goazela. Ibilbidea badaukagu aurretik, gauzak bere onera eta zuzendu arte, baina txarto ez gaude”.
Orain dela lau urteko egoera ekarri zuen gogora atzo Erkorekak: “Kutxa hutsik, zorrekin itota eta defizita zeruan zegoen. Gizartea ere egoerarik txarrenean zegoen, adierazle ekonomiko guztiak negatiboak ziren. Lau urte joan dira jada eta egungo egoera ezberdina da. Gaur egun, adierazle ekonomiko guztiak positiboak dira”. EAJ, beraz, lanean dagoela esan zuen, “gauzak hobetze bidean”.
Jeltzaleek “etxeko lanak” baino ez dituztela egin gogorarazi zuen: “Programa bategaz aurkeztu ginen orain dela lau urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, ondoren, programa hori gobernu programan bihurtu genuen, eta, programa hori goitik eta behera bete dugu. Berba bete egin dugu”. Lan hori guztia, hala ere, ez dutela bakarrik egin azaldu zuen, “gizartearen, langileen, enpresaburuen eta lagundu gura izan duten alderdi politikoen laguntza eduki dugu”. Akordioak ere erakunde eta alderdi politiko guztiekin egin dituztela adierazi zuen.
Aurrera begira ere, planteamendu berberagaz doazelan esan zuen: “Guk bakarrik ez dugu ezer egingo, eta konpromisoak betetzeko asmoagaz goaz, konpromisoak betetzeko pertsonak garelako”.
Aritz Abaroa
Aritz Abaroak ere hartu zuen hitza. Irailaren 25ean jokatuko den estropadan, Eusko Alderdi Jeltzalea “faboritoa” dela esan zuen bermeotarrak: “Inkestek hori diote, baina ezin gara lo geratu eta inkestetako datuak egi bihurtu behar ditugu”.
Era berean, EAJk edozein estropadan “derrigorrezkoak diren hiru elementu” dituela nabarmendu zuen: “Batela: gaurko eta etorkizuneko Euskadi eraitzeko konpromisoa eta programa; Tripulazioa: Euskadingan sinisten duten 75 andra-gizonez osatutako tripulazioa; Patroia: Iñigo Urkullu”.