Azken bi asteburuetan Kontxa eta TKE liga irabazita, talde sendoa dela erakutsi du Urdaibaik.
Asteburuko bi estropaden aurretik, bi puntuko aldea zegoen Urdaibai eta Hondarribiaren artean, eta horri eustea zen bermeotarren erronka.
Ligaren azken bi jardunaldietako garaipenekin, talde bermeotarrak lau puntuko aldea atera dio Hondarribiari. Banderei dagokienez, behetik gora etorri da Urdaibai; talde hondarribitarra indartsu hasi zen, baina, Bermeoko taldeak zertarako kapaz den erakutsi du denboraldi erditik amaieraraino. Azkenean biek ala biek bederatzina bandera lortu dituzte, eta San Juanek bakarra.
Ekainetik hona mantendu duen erregulartasunak saria izan du azkenean, eta ondorioz, Kontxako bandera eta TKE ligaren koroa Bermeora ekartzea lortu dute.
Liga gori-gori egon da azken momentura arte. Zapatuan etxean, eta atzo Portugaleten giro itzela izan zuten arraun zaleek, eta emozioz beterik bizi izan zituzten bi estropadak.
Asteburuan ipar haizearen ondorioz, haize zakarrari aurre egin behar izan zieten arraunlariek. Urdaibaik 19 minutu, 47 segundo eta 32 ehuneneko denbora markatu zuen atzo. Zazpi segundora sailkatu zen Hondarribia. Kaikugaz eta San Juanegaz Ohorezko Txandan atera ziren ligako bi oilarrak. Baina, denboraldiko estropada gehienetan moduan, lehia bi faboritoen artean zegoen.
Bou Bizkaia eta Ama Guadalupekoa pare-parean ziren estropada hasieran, baina, minutuek aurrera egin ahala, Bermeoko taldeak 2-3 segundoko errenta lortu zuen. Urdaibaik 9:44.37 markatu zuen lehen ziabogan, eta Hondarribia bi segundo eta 72 ehunenera sartu zen (Kaiku 11.31-ra eta San Juan 15.05-ra).
Estropada erdirako, hiru segundoko aldea izatetik sei segundoko aldea izatera pasatu ziren. 15:21.38 eman zuen Bou Bizkaiak bigarren ziaboga (lehen txandako erreferentzia Kaikurena zen: 15:25.60). Bost segundo eta lau ehunenera heldu zen Hondarribia. Azken luzean ondo eutsi zion talde bermeotarrak, 6-7 segundoko aldea zuten eta amaiera arte mantentzea lortu zuten.
Harrera beroa
Jai giroan eguerdian heldu ziren klubeko kideak eta zaleak Portugaletetik Bermeora. Kasinoan bazkaldu zuten, eta jaiak ez zuen etenik izan. Jendetza batu zen Lameran, eta maoiz bete zuten plaza. Merezitako harrera beroa jaso zuten. Harrera bakarrik ez egindako lana eskertzeko omenaldi inprobisatua izan baitzen.
Talde bermeotarrak eta zaleek giro ezin hobean ospatu zuten bosgarren liga garaipena. Gainera, bosgarrena izanda, koroa Bermeon gordeko dute aurrerantzean. Arraunlariek banan-banan astindu zuten bandera Kasinoko balkoian, zaleen oihu eta txalo artean.
Izortz Zabalak klubeko ordezkari moduan talde osoaren lana goraipatu zuen. Bereziki gogoan izan zituen traineruko bi bermeotarrak: Mikel Ojeda eta Iker Zabala. “Bermeotarrak behar ditugu traineruan, gaztetatik hasi behar dira neska-mutilak arraunean, eta ea laguntzen diegun herriko gazteei arraunean egiten, horiek etorkizuna emango digutelako”.
“Aurreko igandean esan genuen saiatuko ginela azken astea gure indarrarekin ahalik eta hobeen prestatzen, eta ahalegin guztia egingo genuela bi estropada hauek irabazteko, eta hemen daukagun koroa zuei eskaintzeko”, zehaztu zuen Jon Salsamendi entrenatzaileak.
Hark esan zuen Bermeon betiko geratuko den koroa, ez dela bakarrik gaur egungo klubeko arraunlari eta kideena. Klubak irabazi dituen bost liga horietan taldean izandakoak gogora ekarri zituen, eta haiena ere badela nabarmendu zuen. Bereziki Patxi Bilbao bermeotarra izan zuen gogoan, hark bi liga garaipen lortu zituelako taldeagaz. “Hau Bermeo guztiarena da, ez da gaur arraunean egon garen guztiona bakarrik. Bost liga hauek irabazi dituzten arraunlari, entrenatzaile, lantalde guztiena da… eta zaleena”.
El Corte Ingles banderaren sailkapena:
- UrdaibaiĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 19:47.32
- HondarribiaĀ Ā Ā Ā Ā 19:54.32 (+00.07.00)
- KaikuĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 20:04.00 (+00:16.68)
- CaboĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 20:10.90 (+00:23.58)
- OrioĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 20:11.14 (+00:23.82)
- AstilleroĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 20:18.82 (+00:31.50)
- San JuanĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 20:20.16 (+00:32.84)
- TiranĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 20:20.76 (+00:33.44)
TKE Ligaren sailkapena:
- Urdaibai Ā Ā Ā Ā Ā 216
- Hondarribia Ā Ā Ā 212
- Kaiku Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 167
- San JuanĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 147
- OrioĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 142
- TiranĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 123
- AstilleroĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 115
- CaboĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 113
- ZierbenaĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 79
- San PedroĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 77
- PortugaleteĀ Ā Ā Ā Ā Ā 38
- ZumaiaĀ Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā Ā 32