Basurdeek 13-17 galdu dute lehen jardunaldian
VRAC Quesos Entrepinaresen kontra jokatu zuten zapatuan, Urbietan.
Partida berdindua izan zen; hasieratik etxekoek zein aurkariek ondo neurtu zituzten indarrak. Basurdeen defentsak aurkariaren erasoak gelditzen asmatu zuen, eta etxeko taldeak lortu zituen lehendabiziko puntuak.
Gernika Rugby Taldeak denboraldi-aurrean landutako joko erasokorra erakutsi zuen.
22. minutua pasatuta, txartel horia ikusi zuen Iker Olaetak. Hala ere, bat gutxiago izan arren, basurdeek sendo eutsi zuten, aurkariari beren jokoa egiten eragotzita. Orduan heldu zen Mateo Basten entsegua, eta transformazioaren ostean, basurdeek aldea handitzea lortu zuten, markagailuan 10-0 jarrita.
VRAC-eko jokalariak nahi eta ezinean ibili ziren lehen zatiaren amaieran. Baina, bigarren zatia hasi eta zazpi minutura Valladolideko taldeak entsegua egitea lortu zuen.
Gero, bi taldeak jokalari bat gutxiagoaz geratu ziren, eta horixe izan zen partidako inflexio puntua. Izan ere, hortik aurrera VRAC nagusitu zen zelaian.
Etxeko zaleen protesta artean Gaztela eta Leongo taldearen aldeko entsegua adierazi zuen epaileak, eta ondoren, hobeto jokatu zuten. Horri esker, markagailuari buelta ematea lortu zuen iazko liga irabazleak.
Kategoria guztietako taldeen aurkezpena
Ohorezko Mailako 2016-2017 denboraldiari etxeko zaleen aurrean ekin aurretik, bariku arratsaldean, Gernika R.T-ko kategoria guztietako taldeak aurkeztu zituzten Basurde Rugby Tabernan.
Jai giroan elkartu ziren klubeko kideak eta zaleak. Ohorezko Mailako taldeagaz hasi zuten ekitaldia, eta jokalariak banan-banan igo ziren agertokira, bertaratutakoen txalo artean. Talde denek jaso zituzten txalo zaparradak, baina, batik bat nesken taldearentzat izan ziren txalorik beroenak. Izan ere, aurten hasi dira entrenatzen eta apurka-apurka gero eta neska gehiago izatea lortu dute.