Guraso eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu dituzte aurten ere
Parte hartu gura duten horiek Berhaz bulegora joan beharko dute izena ematera, irailaren 30a baino lehen. Talde bakoitzari egokitutako metodologia erabiliko duteAzken urteetan egin modura, aurten ere, Bermeoko Udalak udalerriko bi euskaltegiekin elkarl...
Parte hartu gura duten horiek Berhaz bulegora joan beharko dute izena ematera, irailaren 30a baino lehen. Talde bakoitzari egokitutako metodologia erabiliko dute
Azken urteetan egin modura, aurten ere, Bermeoko Udalak udalerriko bi euskaltegiekin elkarlanean, guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak antolatu ditu. Horietan parte hartu gura dutenek zabalik dute izena emateko epea; Berhaz bulegora jo beharko dute irailaren 30a baino lehen.Bi ikastaro horien bitartez, batetik, familia bidezko transmisioa indartu gura da; eta, bestetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Urtero eskaintzen dituzten ikastaro horiek urritik ekainera bitartean izango dira. Azaldu dutenez, talde bakoitzari egokitutako metodologia erabiltzen dute, «erritmo lasaiago» batean.
120 orduko ikastaroak
Gurasoei zuzendutako ikastaroa AEK euskaltegian izango da, eta 120 ordukoa izango dela azaldu dute. AEK euskaltegiko arduradun Iratxe Garmendiaren esanetan, «euskaraz ez dakitenek zein euskaraz jakin arren alfabetatu gura dutenek parte hartu dezakete». Horietan, besteak beste, «seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galtzen saiatuko dira, eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute».
Bestalde, euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren arabera, «euskara ikasteko bide bakarra etxea ez bada ere, gurasoek zeregin garrantzitsua dute hikuntzaren transmisioan; eurek zenbat eta hobeto jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dieten hizkuntza osatuagoa eta aberatsagoa izango da».
Etorkinei zuzendutako ikastaroa, aldiz, Gotzon Garitaonaindia euskaltegian eskainiko da. Ikastaro hori ere 120 ordukoa izango da. HABEren Aisa metodoa erabilita, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna landuko dute ikastaroan. Hala, ikastaroaren bitartez, euskaraz lehen berbak esaten ikasiko dute ikasleek; «eguneroko bizitzan erabiltzen diren berbak eta esaldiak praktikatzen dituzte». Euskara ikasteak «hartu-emanak errazten» dituelako hasi ziren ikastaroak antolatzen, eta ordutik etorkin askok eduki dute euskaraz berbetan ikasteko aukera.
Era berean, maila guztietako ikastaroetan izena emateko epea irekita dagoela nabarmendu dute. Aurten, gainera, C2 maila eskainiko dute Bermeon, lehenengoz.
Diru laguntzak
Herenegun egindako agerraldian jakinarazi zutenez, HABEk eta Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituzten diru laguntzez gain, aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak ere diru laguntzak emango ditu. Horri buruzko informazioa osatua euskaltegietan jasoko dute ikasleek.
2015-2016 ikasturtean edota 2016ko udan euskara ikasteko ikastaroak egin dituzten herritarrek, berriz, Bermeoko Udalaren diru laguntza jaso dezakete. Eskariak Berhaz bulegoan egin behar dira, urriaren 1etik 31ra.
Eskatzaileek Bermeon erroldatuta egoteaz gain, ikastaroa amaitzen denerako emandako orduen %80 edo hortik gorako parte hartzea eduki dutela ziurtatu beharko dute. Kasu horretan, ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. Urtean egin daitezkeen ikastaro guztiengatik 500 euroko laguntza jaso ahalko du ikasle bakoitzak gehienez.
Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen duten eskatzaileek diru laguntza handiagoa jasoko dute; gehienez matrikularen %70 jasoko dute. Langabetuek, berriz, matrikularen %60 eskuratu ahal izango dute gehienez ere, eta gainontzeko ikasleek, ostera, matrikularen erdia.