Hitz ederrak barik, ekintzak eskatu ditu Erkorekak
Bakion izan zen atzo bermeotarra. EAJren zerrendaburua da Bizkaitik, eta hautagai ezberdinei beraien borondatea ekintzekin erakusteko eskatu die. Adibide modura jarri zuen orain lau urte lau lehendakarigai aurkeztu zirela eta denek herritarren aurrean konpromiso irmoak hartu zituztela. “Legealdiak iraungo zuen lau urteotan defendatu eta beteko zituzten konpromisoak. Bada, lau urte geroago esan dezakegu bere konpromiso guztiak bete dituen bakarra Urkullu Lehendakaria izan dela. Den-denak, bera izan ezik, Euskadiko eszenatoki politikotik desagertu direlako” esan zuen.
Erkorekaren hitzetan, hautagaiek beren diskurtsoetan “konpromiso” hitza daramaten arren, gehienen ahoan, hitz hori, hori baino ez dela, “haizeak daraman hitza da, EAJren hautagaien ahoan hitz hori ekintza bihurtzen den bitartean. Ekintza egiaztagarriak. Hor daude emaitzak”.
Zentzu horretan, hautagai jeltzaleak azpimarratu zuen EAJ-PNVk kudeatzeko duen gaitasuna, berme bakarra delako Euskadik aurrera egiten jarrai dezan, gainerako alderdien gelditasunaren aurrean eta euskal hiritargoaren interesen kontrako erasoen aurrean, besteak beste, euskal autogobernuaren kontra. “Oso egoera delikatuan gaude. Erasoak hasiera hasieratik etengabeak izan badira, PPren gehiengo absolutuarekin eta daukaten asmo birzentralizatzaile horrekin, azkena kolpe hilgarria izan da. Ciudadanos gobernuan sartzea euskal autogobernua behin betiko indargabetzeko kolpea izan daiteke”. Horregatik, Erkorekak uste du autogobernuaren kontrako eraso horiei aurre egin ahal izateko, EAJ indartsua behar dela “krisi ekonomikoa gure autogobernua odolusteko aitzakia gisa erabili nahi dutenei aurre egin ahal izateko”.