Bertoko zenbait ordezkari lehiatu dira Euskal Selekzioagaz (Basque Country izan da lehiatzeko erabilitako izen ofiziala) eta Laukizko Gaztedi taldeagaz.
Bi domina kluben arteko txapelketan lortu dituzte, eta beste
laurak
nazioen arteko txapelketan. Hain zuzen ere, eguenean eta barikuan jokatu zuten kluben arteko txapelketa, eta zapatuan eta domekan izan zen nazioen arteko lehia.
Kluben arteko txapelketari dagokionez, gizonezkoetan,
580 kilotan Gaztedi A taldeak brontzezko domina irabazi du. Engelberg talde suitzarrak lortu du urrea, eta Ipar Irlandako Bancran taldearentzat izan da zilarrezko domina.
500 kiloko emakumezkoen kategorian ere
brontzezko domina lortu du
Gaztedi A taldeak. Taiwango Tai Shi Da Jingmei taldeak irabazi du finala, eta Sins A talde suitzarrak eskuratu du zilarrezko domina.
Historiako lehen urrea
Bestalde, nazioen arteko lehiari dagokionez,
gizonezkoen 580 kiloko kategorian urrea irabazi du Euskal Selekzioak. 15 lurraldetako selekzioen artean gailentzea lortu du euskal taldeak. Ingalaterrarentzat izan da zilarrezko domina, eta Suitzarentzat brontzezkoa.
Hain zuzen ere,
2014ko uztailean Euskadiko Herri Kirol Federazioak TWIF-eko eskubide osoko kide izatea lortu zuenetik, hau izan da Basque Country-k lortu duen lehen urrezko domina nazioen arteko txapelketa batean.
Emakumezkoen 500 kiloko kategorian 11 herrialdeetako selekzioak lehiatu dira, eta Taiwango selekzioaren atzetik sailkatuta,
euskaldunek zilarrezko domina eskuratu dute. Suediarentzat izan da brontzeko domina.
Gizonezkoen 600 kiloko lehian ere
zilarrezko domina irabazi du Basque Country-k. Suitza izan da urrea lortu duena, eta Irlandak irabazi du brontzezko domina.
Era berean,
600 kiloko mistoan ere zilarrezko domina lortu dute euskal ordezkariek. Suediarrek irabazi dute lehia, eta holandarrak sailkatu dira hirugarren.