Elkarrizketa egin diote gaur goizean Info 7 irratian. EAJren Bizkaiko zerrendaburuak uste du, Euskal Herriko alderdi politikoek egoera baliatu beharko luketela komuneko puntuak zehazteko.
Herri proposamena egin zien Arnaldo Otegik EAJri eta Ahal Duguri joan den astean, eta proposamen horri buruz galdetu dio irratiko kazetariak bermeotarrari. Erkorekak esan duenez, “ilegalizazioen zikloa gaindituta, eta ETAren ekintza armatua eten ostean, elkarreri begietara begiratzeko unea iritsi da, eta, denen artean, elkarbizitzarako marko politikoa diseinatu beharko genuke”. Horretarako abiapuntua integratzailea, ulerkorra eta barneratzailea izan beharko litzatekeela uste du EAJren Bizkaiko zerrendaburuak.
PPrekin akordiorik lortzea ezinezkoa ikusten du Erkorekak. Esan du Rajoyk lau urtetan politika zentralista bultzatu duela, baztertzailea eta eskubideen murrizketan oinarrituta. “Rajoyren politikak ekarri du oposizioak eta elkarren artean aurkari diren alderdi politikoak lerratzea PPren politiken kontrako proposamen alternatiboak aurkezteko. Orain, gehiengo absolutua galdu duela, PPk ez du inor prest berarekin komuneko estrategia bat diseinatzeko”, esan du bermeotarrak.
Kataluniara begira, Diadan izan ziren atzo ordezkari jeltzaleak. Erkorekak esan du Kataluniak bultzatu gura duen estrategia politikoa guztiz zilegia dela. Kanpo Harremanetarako jaarduneko ministro Jose Manuel Garcia-Margalloren esanei, Erkorekak erantzun die esanez politikan hartzen diren erabaki guztiak itzulgarriak direla. Kataluniaren subirautza asmoei buruz Margallok zapatuan esan zuen eraso terrorista bat gainditu daitekeela, baina Espainiaren disoluzioa itzulezina izango litzatekeela. Esan horien gainean, Erkorekak gaineratu du herrien, nazioen antolaketa ere alda daitekeela.