Bermibus zerbitzuak bi geltoki berri izango ditu
Adubidxen eta Mikel Deunan geratuko da eguaztenetik aurrera
Bermeoko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak jakinarazi duenez, eguaztenetik aurrera, Bermibus zerbitzuak bi geltoki berri izango ditu “herritar gehien esku gera dadin”. Hala, Adubidxen (umeen jolasen goiko aldean) eta Mikel Deuna bidean (3. atariaren aurrean) egingo ditu geldialdiak.
Landabaso A industriagunean dagoen Bermibus zerbitzuaren geralekua, bestalde, kendu egingo dutela azaldu du, “erabiltzailerik ez duelako“. 2015eko azaroaren 30ean hasi ziren geltoki hori erabiltzen, baina bere erabileraren “kontrol zehatza” egin ostean, bidaiarien kopurua “oso eskasa” dela ikusi dute. Hala, Bermibus zerbitzua “ez eragozteko” geltoki hori kentzeko erabakia hartu du udalak. Era berean, beharrizana ikusi dute Adubidxen eta Mikel Deunan, eta martxan jarriko dituzte eguaztenean.
“Herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea da helburua, eta hori lortzen ahalegintzen gara beti”, esan du Ibarrolazak.
Azken urtean, gainera, Bermibus zerbitzuaren erabiltzaile kopurua gehitu egin dela nabarmendu du: “2015ean, 49.577 erabiltzaile izan zituen Bermibus zerbitzuak, 2104an baino 3.427 gehiago”. Aurten, erabiltzaile kopurua gehitzea aurreikusten dutela adierazi du zerbitzuetako zinegotziak.