11:00etan hasita,
2.500-2.700 metro arteko proba burutuko dute. Eako moilan hasi eta amaituko dute itsas zeharkaldia, handik Kaiarria irlarainoko tartea egingo dute.
100 parte hartzailetan ipini zuten muga, eta
hiru astetan bete dela jakitera eman dute Bira Birra Kirol Klubeko kideek.
Neoprenoagaz edo neopreno barik parte hartu daiteke itsas zeharkaldian, baina,
neopreno barik parte hartzen duten igerilariek
bakarrik lehiatuko dute proba.
Emakumezkoetan eta gizonezkoetan
lehenengo hiru sailkatuek jasoko dituzte
sariak. Era berean, kategoria bietan
lehenengo amaitzen duten
eatarrak ere
sarituko dituzte.
Lehenengoz egingo dute itsas zeharkaldia, eta
urtero antolatzea da asmoa. “Itsas zeharkaldietan parte hartzen dugu klubeko kideok, esaterako, Mundakakoan eta Lekeitiokoan, eta gurean ere halako proba egitea erabaki genuen. Lehenengo urtea denez, 100 parte hartzailetan jarri dugu muga, baina, datorren urterako, parte hartze kopurua handituko dugu seguruenik”.
Bira Birra Kirol Klubeko kideek azaldu dutenez, itsas zeharkaldia antolatzeko Mundakako eta Lekeitioko proben antolatzaileekin batu ziren haien esperientziak gertutik ezagutu, eta haien aholkuak jasotzeko.
Proba antolatzeko izan duten laguntza nabarmendu dute antolatzaileek: “Udalaren laguntzagaz batera, herritar asko ariko dira boluntario moduan, eta herriko tabernen laguntza ere badugu. Halaber, Sokaire Kayak eta Sup taldeko kideek uretarako materiala utzi digute, piraguak eta paddle surf-eko materiala”.
Parte hartze kopurua hain azkar bete izana poztekoa dela diote, eta parte hartzaileen artean beste itsas zeharkaldietako irabazleak eta igerilari profesional ezagunak daudela azpimarratu dute.