Sareginek Bermeoko Feministen Sareak komun komunen aldeko kanpaina bat abiarazi du herrian. Sexu eta genero identitatearen inguruko jardunaldien jarraipena da aipatu kanpaina. Jardunaldietan, besteren artean, transexualismoaz aritu ziren, eta kanpaina horregaz, saiakera praktiko bat egitea da asmoa.
Komunetan jarri dituzten eskuorriak
Hala ere, martxoaren 8an egindako ekintzan kanpainaren aurrerapen bat egin zutela adierazi dute; izan ere, komun komunen inguruko antzezlan txkiki bat egin zuten.
Jokabide ezberdinak
«Komun baten ateak ez du esaten leku hori behar fisiologiko bat egiteko lekua denik. Ateetan andreak edo gizonak ikus daitezke. Ezetz ematen badu ere, garrantzia handia du horrek. Izan ere, dikotomia horretan, andrea edo gizona zaren definitu behar duzu», azaldu dute Sareginek.
Hala, horretan ere, «gizarteak erabakitzen du zelan jokatu beharra daukagun». Komunetan, gainera, jokabide ezberdinak daudela diote: «Gizonezkoen komun gehienak hormetan daude, hau da, gizonek publikoki txiza egiten dute. Andreek, berriz, ezkutuan, ate baten atzean egin beharra daukagula ematen du». Komunetako kartel horiek, beraz, «gauza asko» esaten dituztela uste dute: «Zergatik ezin dute gizonek jesarrita txiza egin?».
Kanpainarako zenbait eskuorri atera dituzte, eta horietan gizonak ikus daitezke jesarrita txiza egiten. Bestalde, arazoak dituztenentzako txiza egiteko lekua edota umeei pixoihalak aldatzeko lekuak, gehienetan, andrazkoen komunetan jartzen dituzte: «Zaintza lana, beraz, andrazkoekin lotzen dute». Komunek, beraz, gauza asko esaten dituztela diote Sareginek.
Hala, sentsibilizazio kanpaina hau martxan jarri dute. Batetik, hainbat tabernetako komunetan eskuorriak jarri dituzte, «jendeak gai horren inguruan hausnar dezan; eta, beste alde batetik, udalagaz eta ikastetxeekin elkarlanean aritu gurako lukete, «gune horietan komun publiko asko egoten baitira, eta gai horren inguruan berba egiten hasteko eta denon artean hausnarketa egiteko».