Kerman Lejarraga bosgarrena da munduko WBA rankingean
Morgarra welter pisuko munduko boxeolari onenen artean dago. Lehen postuan David Avanesyan errusiarra dago, Jose Benavidez estatubatuarra da bigarrena, eta Tewa Kiram thailandiarra da sailkapeneko hirugarrena. Lejarragaren aurretik, Errol Spencer estatubatuarra dago laugarren.
Orain dela bi urte profesionaletan debutatu zuenetik 15 borrokaldi izan ditu, eta denak irabazi ditu. Orain arteko emaitza onei esker, World Boxing Association-eko sailkapen zerrendaren goikaldean sartzea lortu du.
Aurten bi borrokaldi izan ditu. Martxoaren 19an Laszlo Toth hungariarra garaitu zuen Bilboko Bizkaia frontoian, eta leku berean ekainaren 4ean laugarren borrokaldian K.O-z garaitu zuen Denton Vassell britainiarra.
Momentuz udarako bi borrokaldi aurreikusita ditu Morgako errebolberrak. Horietan lehena, bihar dauka Madrilen. Francisco Cordero colonbiarraren kontra borrokatuko da Leganesen. Aurkari gogorra mendean hartzeko gogor borrokatu beharko da. Izan ere, Corderok profesionaletan lehiatu dituen 39 borrokaldietatik 33 irabazi ditu.
Bestalde, hilaren 30ean (zapatua) Malagan (Andaluzia) borrokatuko da, Tomas Urbanejaren kontra.