Abizenak euskal grafiagaz idazteko kanpaina hasi dute
Aurtengo kanpaina Euskara Aholku Batzordeko parte hartzaileekin landu dutela azaldu du udalak. 2015. urtean 37 espediente izapidetu zituztenBermeoko Udaleko Euskara Sailak euskarazko abizenak euskal grafiagaz idazteko Euskaraz gara sentsibilizazio kanp...
Aurtengo kanpaina Euskara Aholku Batzordeko parte hartzaileekin landu dutela azaldu du udalak. 2015. urtean 37 espediente izapidetu zituzten
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak euskarazko abizenak euskal grafiagaz idazteko Euskaraz gara sentsibilizazio kanpaina abiarazi du. Modu «erraz» batean herritarrek euskal abizena modu ofizialean euskaraz idatzita izan ahal dutela adierazi du Euskara Saileko zinegotzi Juan Karlos Agirrek. Hala, hori egitera animatu ditu herritar guztiak.Kanpaina berri horren bidez, euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita edukitzeko eman beharreko hiru pausoak jasotzen dituzten eskuorriak banatuko dituzte. Agirrek azaldu duenez, «euskarazko abizena euskal grafiagaz idazteko kanpaina Euskara Aholku Batzordean landu dute aurten». Eskuorri horiek, hortaz, udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, udal liburutegia, Gizarte eta Kultura Etxea eta kiroldegia) eta bake epaitegian aurkitu ahal izango dira. Gainera, ikastetxeetan eta osasun etxean ere eskuragai egongo dira.
Euskara Aholku Batzordean parte hartzen duten eragileek Euskaraz gara kanpainan inplikatzea «oso positiboa» dela uste du Agirrek: «Kanpaina horretan parte hartuz, euskararekiko duten konpromisoa adierazteko modu bat da».
Euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita edukitzeko eman beharreko hiru pausoak zehaztu du euskara zinegotziak.
Izapide gehiago
Interesa duenak erregistro zibilera edo bake epaitegira joan beharra du lehenik eta behin, eta abizena euskal grafiaz jarri nahi duela esan eta ematen dioten eskaera orria bete beharko du. Horregaz batera eraman beharko ditu nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria, errolda agiria (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), familia liburuaren fotokopia (seme-alabak izatekotan) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia (16 urtetik gorakoak badira).
Agirrek jakinarazi duenez, 2015ean 37 espediente izapidetu ziren Bermeoko epaitegian.
Epaitegietan egiten diren beste izapide batzuk ere euskaraz egin daitezkeela gogorarazi gura izan du Agirrek; besteak beste, jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroak.