Turismo Bulegoa eta Bird Center elkarlanean ariko dira, turismoa bultzatzeko
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan bi pantaila jarri dituzte, hegaztien zuzeneko irudiekin eta Bird Centerren aurkezpen bideoagaz. Iaz 63.864 turista etorri ziren Gernika-LumoraTurismoak ekonomian duen pisua geroz eta nabarmenagoa dela kontuan hartuta, Ge...
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan bi pantaila jarri dituzte, hegaztien zuzeneko irudiekin eta Bird Centerren aurkezpen bideoagaz. Iaz 63.864 turista etorri ziren Gernika-Lumora
Turismoak ekonomian duen pisua geroz eta nabarmenagoa dela kontuan hartuta, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak eta Urdaibai Bird Centerrek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur. Hala, Gernika-Lumo eta Urdaibai markak turismo arloan lehiakorragoak izan daitezen lan egingo dute, turismo eredu sostengarri bat bultzatuz elkarlanean.Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko turismo zinegotzia, Jose Mari Unamuno Bird Centerreko zuzendaria, Juan Felix Naberan Urdaibai Bird Center erakundeko presidente eta Gautegiz Arteagako alkatea eta Amaia Garcia Turismo Bulegoko arduraduna izan dira gaur elkarren arteko hitzarmenaren berri eman dutenak.
Elkarlan horren erakusgarri dira turismo bulegoan jarri dituzten bi pantailak. Batek paduraren irudiak erakutsiko ditu, denbora errealean. Besteak, zentroaren aurkezpena erakutsiko du. Baliabide horien bidez, teknologia berriak aplikatu nahi izan dituzte, eskualdeak turismo alorrean duen ahalmena balioan jartzeko. «Gernikara datozen bisitarien egonaldia luzatzea dugu helburu, horrek ekonomian edukiko duen eraginagaz jabetuta», azaldu du Iñigo Magunagoikoetxeak.
Hazten jarraitzeko lanean
«Gernika-Lumo Urdaibaiko atea da, eta hemen egotea itzela da guretzat», adierazi du Jose Mari Unamuno Urdaibai Bird Centerreko zuzendariak. Bird Centerreri buruz galdetzen duten bisitari kopurua handitu egin dela nabarmendu du Unamunok, baina hazten jarraitzeko, zentroak beste erakunde batzuekin lotura izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du.
Horren harira, Birdflyway proiektuagaz duen lotura adierazi du, proiektu horren bitartez Urdaibai Bird Centerrera doazen bisitariei Gernika eta Busturialdeko beste toki batzuk bisitatzea proposatzen batiete.
Turismoak gora
Unamunok adierazi du iaz 28.000 bisitari inguru izan zituztela, eta aurten bisitari kopuruak gora egitea aurreikusi dutela.
Gernika-Lumoko turismo datuei dagokienez, iaz 63.864 bisitari zenbatu zituzten, eta aurtengo lehen sei hilabeteetan, ia 30.000 turista. «Iazko datuekin alderatuta, aurten 8.000 bisitari gehiago eduki ditugu denbora tarte berean. Beraz, iaz baino turista gehiago etorriko direla aurreikusi dugu», azaldu du Magunagoikoetxeak.
Turista horiek hobeto zaindu asmoz, Aste Santutik urrira arte Turismo Bulegoa 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, etenik gabeko ordutegian. Ohiko turismo zerbitzuak eskaintzeaz gain, Urdaibai Bird Centerrera txango bat ere emango die aukeran bisitariei.