Etxez etxeko laguntza ematen duten langileen egoera prekarioa salatu dute
Enpresak hitzarmena berritu ezean, udazkenean mobilizazioak deituko dituztela esan du ELAk. Inplikazioa eskatu diote mankomunitateariEtxez etxeko laguntza ematen duten langileek manifestazioa egin zuten barikuan Gernika-Lumon, ELAk deituta. Hiru egunek...
Enpresak hitzarmena berritu ezean, udazkenean mobilizazioak deituko dituztela esan du ELAk. Inplikazioa eskatu diote mankomunitateari
Etxez etxeko laguntza ematen duten langileek manifestazioa egin zuten barikuan Gernika-Lumon, ELAk deituta. Hiru eguneko greba egin dute uztailaren 6tik 8ra, eta, egoera konpondu ezean, udazkenerako mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Busturialdean zerbitzu hori ematen duten langileen egoera prekarioa salatu dute, eta barikuan Bizkai osoko 200 langile baino gehiago batu ziren protestara. Etxez etxeko laguntza ematen duen enpresa «aberasten» ari den bitartean, langileen lan baldintzak gero eta kaxkarragoak direla salatu zuten Gernikako kaleetan.Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak azpikontratatuta duen Urgatzi SL enpresak kudeatzen du laguntzen zerbitzua, eta, kontratu finkoa duten 24 langileetatik 11 lanaldi erdira daudela salatu dute. «Lana badago» diote ELAko ordezkariek, «baina langile horien lanaldia osoa egin ordez, aldi baterako langileak hartzen ditu enpresak». Gaur egun Busturialdean etxez etxeko laguntza behar dutenen itxaron zerrenda dagoela kritikatu dute, eta aldi baterako beharginek lan ordu asko pilatzen dituztela. «Gu enpresaren jarreraren biktimak gara, baina laguntza behar duten familia eta pertsona horiek ere biktima dira», nabarmendu dute.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen jarrera ere kritikatu du ELAk. Enpresagaz hitzarmen kolektiboa negoziatzeko bitartekari lanak egiteko eskatu diote, baina ez dute laguntzarik izan. «Mankomunitatea da etxez etxeko zerbitzuaren arduraduna, eta berau diru publikoagaz eta gaixo dauden pertsonen senideen diruagaz ordaintzen da», dio ELAk. «Hala ere, arazoa kanpotik ikusi gura du, eta ardura osoa azpikontratatuta duen Urgatzi enpresaren esku utzi du».