Urteko ekitaldia iritsi zaie Alkartasuna dantza Taldekoei.
Zapatuan, 22:00etan, Artza frontoian egingo dute dantza erakustaldia. Aurtengoa, baina, berezia izango da; izan ere,
40. urteurrena ospatzen ari da Bermeoko Dantza Taldea, eta zapatukoa urteurrena ospatzeko ekitaldirik
«garrantzitsuena» izango dela azaldu du taldeko presidente Gaizka San Pedrok.
Zapatuko ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoa egin dute
Zapatuko urteko ekitaldiak
100 dantzari eta musikari inguru batuko dituela esan du prentsaurrekoan San Pedrok, «
egungo eta lehengo dantzariek eta musikariek parte hartuko dutelako». Idurre Bideguren Bermeoko alkateak ere parte hartuko du dantza erakustaldian, hainbat urtean dantza taldeko kide izan baita.
Ekitaldia denek batera ohorezko aurrezkua dantzatzen hasiko dute, eta, amaitu ere batera egingo dutela esan du. Tartean, egungo dantzariek egingo dute urteko erakustaldia. Euskal Herriko hainbat dantza egingo dituzten arren, bat nabarmendu gura izan du dantza taldeko presidenteak: «Aurtengoa ekitaldi berezia izanik,
8 urte eta gero, Zuberoako dantzak berreskuratuko ditugu».
Zapatuko ekitaldi berezian parte hartu gura duten dantzari ohiek
oraindik sasoiz daudela esan du San Pedrok.
Gaur eta eguenean egingo dituzte azken entseguak;
19:00etan batuko dira antzinako
Jose Done ikastetxean.
Herriko kultura zabaldu
Zapatuko dantza erakustaldiaren helburua, bestalde, «herritarrek Euskal Herriko dantza ezberdinak ezagutu ahal izatea, taldeak ikasturtean egindako lana erakustea eta dantza erakustaldiarekin ondo pasatzea» dela esan dute.
Bermeoko alkateak eta Aingeru Astui kultura zinegotziak Alkartasuna Dantza Taldeak urte hauetan guztietan egindako lana goraipatu gura izan dute: «Herriko jai eta ekimen ezberdinak bere dantza eta musikarekin alaitu dituzte, eta, gure herriko folklorea eta kultura zaindu eta zabaldu dute munduan zehar, ia Europa osoan eta Mexikon ere egon baitira hainbat jaialditan parte hartzen».
Bidegurenek, Astuik eta San Pedrok herritar guztiak gonbidatu dituzte «festa giro polita» izango duen zapatuko ekitaldian parte hartzera. Sarrera, gainera, doanekoa dela gogorarazi dute.