Gernika-Lumoko Gaudeamus Koralak urre olinpikoa lortu du Sotxin (Errusia) jokatu diren Abesbatzen Olinpiadetan. Busturialdekoek aurten, estreinako, Ondarroako Unanue Kamara Koraleko 13 kideekin batera parte hartu dute 9. World Choir Games-etan.
Busturialdekoek eta Lea-Artibaikoek hiru kategoriatan parte hartu dute txapelketan, baina sari nagusia polifonia (C12 Female Choirs) kategorian lortu zuten atzo [uztailak 10] egin den sari banaketan. Hala, munduko onenak izendatu dituzte kategoria horretan.
93,25 puntu lortu dituzte, eta abesbatzako kideek ikurrinak astintzen ospatu dute garaipena, pozik. Julia Foruriak eta Estibalitz Arrizabalagak, Gaudeamus eta Unanue abesbatzetako zuzendariek, hurrenez hurren, txalo artean jaso dute saria.
Gaudeamus garaipen ospatzen. Argazkia: World Choir Games
Sailkapen fasean Wenzhou Female Choir (Txina) eta Yuseong-gu Chorus (Koreako errepublika) izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Txinako taldeak 90 puntu lortu ditue, eta Koreakoak, ostera, 83.
Gaudeamusekoek Mundu osoko abesbatza ez profesionalen aurka lehiatzeko aukera izan dute nazioarteko txapelketari ezagunenean, eta parte hartu duten beste bi kategorietan ere sarituak izan dira. Folklore a cappella-n ere urrezko domina lortu dute, eta folklore eszenikoan, ostera, zilarrezko domina irabazi dute.
Folklore a capella kategorian beste hainbat taldegaz batera lortu dute urrezko domina. Gaudeamusek 84,88 puntu lortuta urrea lortu du, bederatzigarren sailkatuta. Folklore eszenikoan, ostera, hirugarren geratu dira 77 puntugaz, hortaz, zilarrezko domina jaso dute.
Estibalitz Arrizabalaga Ondarroako Unanue Kamara Koraleko zuzendariak HITZAri adierazi izan dionaren arabera, oso gustura eta pozik daude lortutako emaitzagaz.
Polifonia kategorian munduko onenak izan dira, eta lehiaketan kantuan egon ziren unea bera ere oso “berezia eta zirraragarria” izan zela nabarmendu du Arrizabalagak. “Polifonia kantatzen geunden unea zirraragarria izan zen. Taldearen kantua entzulearengana heldu zen, eta geu ere hunkitu egin ginen. Momentu hartan sentitu genuena hitzez agertzea ez da batere erraza”.
Aurtengoa ez da Gaudeamusek olinpiadetan parte hartuko duen lehendabiziko aldia. Aurretik beste lau olinpiadatan parte hartu du taldeak, eta oso emaitza onak lortu ditu. Julia Foruriak zuzenduriko taldeak, guztira, bi urrezko domina eta zilarrezko domina bat lortu zituen aurretik, hain zuzen ere. 2008an Graz-en (Austrian) lehiatutako olinpiadetan: Europa mailako lehen postuan amaitu zuten, eta mundu mailan, hirugarren geratu ziren.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.