…eta paisaia hitz egin zen lemapean ospatuko dituzte aurten Eako Poesia egunak. Kantaldiak, solasaldiak, errezitaldiak, kontzertuak, hitzaldiak… Eskaintza zabala dakarte aurten ere Herrijeri Emon Arnasa taldeko kideek.
Askotariko kultur adierazpideen eta askotariko sortzaileen topaleku izango da beste urte batez Ea. Gainera, zapatuan Bedaronan eta domekan Natxituan herri bazkarian batuko dira sortzaile zein ikusleak. Berriketarako, elkar ezagutzeko zein esperientziak elkartrukatzeko aukera paregabea izango dira bazkariak beste behin.
Eako Poesia Egunak aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Bilbon. Argazkia: Eako Poesia Egunak.
Topaketagaz hasteko, bariku iluntzean Josu Martinezek eta Iratxe Fresnedak euskarazko lehen filma, Gure Sor Lekua (André Madré, 1956) oinarri hartuta Euskal Herrian zinema nola erakutsi den azalduko dute.
Gauean, berriz,
Andrazkubak emanaldia eskainiko dute D’Capricho ahizpa kubatarrek. Balada, rock eta reggae doinuen nahasketa proposatzen dute, eta kultura kubatarraren eta euskal kulturaren fusio berezia ekarriko dute Eara. Izan ere, haien azken diskoan hiru olerkari euskaldunen berbak sartu dituzte: Leire Bilbao, Arrate Mardaras eta Miren Agur Meabe.
Beste behin zapaturako egun pasa ederra proposatu dute Eako Poesia Egunen sortzaileek. 11:00etan Lutxo Egiaren berba eta Inunen musika eta ahotsagaz hasi, eta Mursego eta Kalakan taldeen kontzertuagaz gauerdira arte sormena usaindu ahalko da udalerriko bazter guztietan.
Hitzaldi eta errezitaldiakaz batera, iluntzean, esaterako,
Ardoa eta Odola ikuskizunaz, ardoak jarriko du “poza eta mina”. Gasteizko Hala Bedi irratiko Celosamente Gorbea irratsaioko Gaizka Amondarainen eta Manex Agirreren letrei, Joseba Baleztenak, Ander Mujikak, Miren Narbaizak eta Jon Aranburuk jarri die musika, eta Marco Bianchiren irudi eta soinu moldaketekin lortu duten emaitza ikusi gura dutenek Eara bertaratzerik baino ez dute.
Bestalde, domekan
Landa Eremua Literaturak kontatua hitzaldia emango du Elurre Iriartek eguna ondo hasteko. Eguerdian,
Gaizki moldatzen dira kontzertua eskainiko dute Iñigo Astizek, Garik eta Oier Aldekoak. Elkarrizketa bat proposatzen du hirukoteak; Gariren kanta eta Astizen poema zahar eta argitaratu gabeei, Aldekoaren ahotsak eta piano doinuek lagunduko diete.
Babeserako kopiak errezitaldiagaz emango diete amaiera aurtengo Eako Poesia Egunei. Goizalde Landabasok, Galder Perezek eta Ane Zabalak memorian barrena bidaiatuko dute, iraganera, orainera eta etorkizunera. Errezitaldiaren izenburu bera duen Landabasoren liburua oinarri hartuta burutuko dute saioa. “45 minututan gure barreneko kobazuloetan bizi diren munstroak ezagutuko ditugu, gure ariman sendatuko ez diren orbainen zantzuak”.
Iaz estreinako erabili zuten Portusolo gunea.
EGITARAUA:
BARIKUA:
- 20:00. Gure sorlekua fotogrametan solasaldia, Josu Martinez eta Iratxe Fresnedarekin. Eskolondoko liburutegian.
- 22:30. D’Caprichoren, Andrazkubak kantaldia. Eskolapen.
ZAPATUA:
- 11:00. Hiri hori da hiri hau hitzaldia.Lutxo Egia (hitzak) eta Inun (musika eta hotsak). Eskolondoko liburutegian.
- 13:00. Arrotz eta eder, poemak eta prosak errezitaldia, Pako Aristi eta Itziar Gomezekin. Portusolon.
- 15:00. Herri bazkaria, Bedaronan.
- 17:30. Baltza nazela dineure errezitaldia. Parte hartzaileak: Eider Rodriguez, Lorea Agirre, Anari, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Maialen Lujanbio, Ainara Lasa, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte eta Mursego. Bedaronan.
- 20:30. Celosamente Gordea, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoirren, Ardoa eta odola (Wino i crew) ikuskizuna. Jesuseko elizan.
- 22:45. Mursego eta Kalakan taldeen kontzertuak. Eskolapen.
DOMEKA:
- 11:00. Landa eremua literaturak kontatua hitzaldia. Hizlaria: Elurre Iriarte. Eskolondoko liburutegian.
- 13:00. Iñigo Astiz, Gari eta Oier Aldekoaren, Gaizki moldatzen dira kontzertua. Moilan.
- 15:00. Herri bazkaria, Natxituko bolatokian.
- 17:30. Babeserako kopia errezitaldia. Parte hartzaileak: Goizalde Landabaso, Galder Perez eta Ane Zabala. Natxituko bolatokian.