Frantzian sortutako Unir l’Europe elkartea Gernika-Lumora heldu da, Europan barrena egiten ari den biran. Europako hiritarren batasunaren eta bakearen aldeko ekimena da; hala, herritarren iradokizunak batu gura ditu.
Gernika-Lumon egin duten geldialdian elkarteko presidente den Jacques Scmittekin izan da gaur Jose Mari Gorroño alkatea. Ekimenarekiko interesa erakutsi eta Pablo Picasso kalean jarri duten standera hurbildu da Gorroño.
2012an egin zuten lehenengoz ideiak eta iradokizunak batzeko bira, Estrasburgoko hiriaren, Europar kontseiluaren, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren eta Alsacia-Lorenako ordezkarien babesarekin. Seigarren edizioa du ekimenak, eta uztailaren 17an amaituko da, Estrasburgon. Iradokizunak batuta, Europar Parlamentuan aurkeztuko dituzte, kontuan har ditzan.