400 ikaslek parte hartu dute Eskola Bidearen lehenengo saiakeran
Ekaina hasieran egindako lehen proba arrakastatsua izan dela ondorioztatu dute antolatzaileek. Datorren ikasturtean, urrian egingo dute bigarren proba boluntarioekinEskola Bidean ekimenaren lehen proba arrakastatsua izan da. Beraz, datorren ikasturtear...
Ekaina hasieran egindako lehen proba arrakastatsua izan dela ondorioztatu dute antolatzaileek. Datorren ikasturtean, urrian egingo dute bigarren proba boluntarioekin
Eskola Bidean ekimenaren lehen proba arrakastatsua izan da. Beraz, datorren ikasturteari begira ere errepikatzeko prest daudela azaldu dute antolatzaileek, «sistema bermatzeko». Haurrek eskolarako bidea modu jasangarrian eta seguruan egitea helburu duen Eskola Bideak 400 parte hartzaile izan zituen ekainaren 6tik 10era bitartean egindako proba pilotuan.Fase horretan parte hartu zuten lehen hezkuntzako ikasleen %47 joaten da oinez eskolara, autoz %40, bizikletaz %1, eta %6ak garraio publikoa erabiltzen du, eskolara joateko. Datu horien bitartez umeek eguneroko ibilaldiak nola egiten dituzten aztertu dute, haien autonomia, distantzia eta hiriaren pertzepzioa ere neurtuz.
Datu horiek baliatuta, eta parte hartu duten bolondresen eta ikastetxeetako ordezkarien ekarpenekin, ibilbidearen segurtasunari buruzko azterketa egin dute, bidean egon daitezkeen arriskuak identifikatuz eta konponbideak planteatuz.
Lehen pauso hori eman ondoren, urrian ibilbideak errepikatuko dituzte, eta Eskola Bidea martxan jartze aldera, hiru asteko proba errepikatuko dute, boluntarioekin. Haurrek ibilbideak modu naturalean bereganatzea da asmoa, haurrek kalea berriz ere bereganatu dezaten. Izan ere, ikasturtea bukatu aurretik, autonomia nahikoa duten ume batzuk beren kabuz antolatzen hasi ziren, goizetan elkarregaz eskolara joateko.
Ikastetxeek, guraso elkarteek eta Osasunsareak Gernika-Lumoko Udalagaz lankidetzan burutu duten ekimen horrek hezkuntza komunitatearen beharrizanak hartu ditu kontuan, haurrek kaleak modu seguruan erabil ditzaten, ibilgailu gutxiago mugiaraziz.
Eskola Bidea aitzindaria da, herrian dauden zazpi ikastetxeen, eragile sozialen eta udalaren parte hartzea izan duelako.