Giro zoragarria sanmartinetan
Martin Deunaren omenez, jaietan murgildu dira Amoroton, Markina-Xemeingo San Martin auzoan eta Ispasterren. Dantza, karta jokoa eta kirola izan dituzte aukeran.Jendetsuak eta girotsuak izaten ari dira aurten San Martin jaiak. Domekan ospatu zituzten ja...
Martin Deunaren omenez, jaietan murgildu dira Amoroton, Markina-Xemeingo San Martin auzoan eta Ispasterren. Dantza, karta jokoa eta kirola izan dituzte aukeran.
Jendetsuak eta girotsuak izaten ari dira aurten San Martin jaiak. Domekan ospatu zituzten jaiak Markina-Xemeingo San Martin auzon, atzo Isapasterren eta gaur izango dute azken eguna Amoroton.Barikuan San Martin jaietako txupina bota zutenetik, ospakizunetan murgilduta daude amorotarrak. Euritan hasi ziren kontzertuak, baina gauak aurrera egin ahala, atertu, eta jendeak plaza bete zuen.
Txapelketekin hasi zen zapatuan jaieguna: mus eta briska txapelketa egin zituzten frontoian arratsaldean, eta herriko jendea ez eze, eskualdeko, Busturialdeko zein Durangaldeko kartazalerik ez zen falta izan. 25 bikote aritu ziren musean; eta 14 briskan. «Orain dela lau bat urte antolatu zen jaietan azkenengoz briska txapelketa, baina musekoa aspalditik ez da egin», zioen txapelketak hasi aurretik antolatzaileetako batek. Eta ondo joan zen dena, giro ederrean, eta lehiakortasun handiz. Luze jo zuen irabazleak ezagutzeak ere. 20:30 aldera amaitu zuten jokoa.
Aitor Bilbao eta Mikel Zabala gernikarrak izan ziren mus txapelketaren irabazleak; bigarren geratu ziren Izaskun Madarieta eta Jose Kortazar (Ea), hirugarren Jose Mari Zabala eta Xabat Bilbatua (Berriatua) eta laugarren Iñigo Agirre eta Josu Errasti (Ispaster-Aramaio).
Briskan lau bikote trebeenak hurrengoak izan ziren: Juanita Arriaga eta Mari Barruetabeñak (Amoroto) jantzi dute txapela; bigarrenak Mari Carmen Arrate eta Mari Tere Aulestiarte (Markina-Xemein) izan dira; hirugarrenak Carmen Gandiaga eta Jacinto Arriola (Amoroto-Ea) eta laugarren sailkatuak, berriz, Lutxi Alberdi eta Mari Sol Arruabarrena (Iurreta-Durango).
Herri kirol erakustaldiagaz eta Burrunba elektrotxaranga, Skasti eta Ingo al deu? taldeen erromeriagaz amaitu zuten zapatua Amoroton.
Paella jana izan zuten kuadrillek domekan eta parranda egin zuten Olarte eta Larrañaga trikitilariekin. Atzo berriz, dantza ikuskizuna eta kronoigoera eduki zituzten.
Soltea, San Martin auzoan
Urtero egin legez, San Martin kofradiak antolatuta, egun osoko jaia egon zen domekan, Martin Deunaren ermita dagoen inguru zoragarrian. Dantza izan zen protagonista handia, mezaren ostean. Ohiturazko aurreskua egin ondoren, umeen mailako dantza solte txapelketa lehiatu zen berdeguneko oholtzaren gainean.
Azken urteetan jada, ohitura bihurtu da dantza solte txapelketa San Martinen ospatzea. Aurten, Errezil, Azpeiti eta Lezoko zazpi bikotek hartu zuten parte norgehiagoka ikusgarrian.
Mirari eta Aintzane trikitilariek jarri zuten doinua, eta zazpi bikoteek fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan zituzten Euskal Dantzarien Biltzarreko Ander Garitaonaindiak, Carlos Sarriegik eta Jone Idiazabalek osatutako epaimahaiaren aurrean.
Ikusleek txalo bero artean hartu zituzten dantzariak, eta guztiak batera ere igo ziren oholtza gainera dantzan egitera epaia jakin aurretik.
Ekain Uzkudun eta Laura Bastida azpeitiarrak izan ziren irabazleak. Bigarren saria berriz, Lezoko Iker Belintxon eta Maider Aginagarentzat izan zen. Julen eta Nagore Berraondo geratu ziren hirugarren.
Dantzariak oinak airean zenbiltzan bitartean lanean ibili ziren batzuk, paellak prestatzen. 29. Paella Txapelketa ospatu da aurten San Martinen, eta sari nagusia Juantxu Totorikaguenaren kuadrillak eraman zuen: Barrenetxek emandako barazki sorta ederra.
Bazkaltzeko tartea eginda, umeen jolasekin hasi ziren arratsaldeko ekimenak. Puxikak apurtzen, patatak eramaten eta aulkien jokoan ere ibili ziren ume eta nagusiak. Ondoren, Martinbertso eta Tiritatxogaz gozatzeko aukera eduki zuten guztiek. Irrien lagunek, ikuskizun berria ekarri zuten San Martinera: Irrikula Makula Kriskitin Dzart! Eta azkenik, sabelak berotzeko txokolate goxo-goxoa ere eduki zuten.
Emakumeak izan ziren protagonista Ispasterren atzo. Herri kirol erakustaldia eskaini zuten Irati Astondoak, Esti Olivaresek, Haizea Iturbek, Susana Maldonadok eta Garazi Arrutik.