Administrazioko azpikontratatuen egoera prekarioa salatu du LABek
Elkarretaratzea egin dute Gernika-Lumon. Sindikatuak mozioak aurkeztu ditu udaletan, zerbitzu publikoetako lanak langile publikoek egin ditzatenAgerraldia egin zuen LABek barikuan, Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean, udal administrazioak egiten dituen...
Elkarretaratzea egin dute Gernika-Lumon. Sindikatuak mozioak aurkeztu ditu udaletan, zerbitzu publikoetako lanak langile publikoek egin ditzaten
Agerraldia egin zuen LABek barikuan, Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean, udal administrazioak egiten dituen azpikontratazioetako langileen egoera prekarioa salatzeko.Sindikatuko kide Asier Imaz eta Ramon Garaizarrek hartu zuten berba, eta, azaldu zutenez, azpikontratazioak ondorio larriak dakartza langilearentzat: erakunde publikoek ez dituzte beren langile legez hartzen, eta, ondorioz, arazoren bat dutenean instituzioek «eskuak garbitzen» dituzte.
Horrez gain, azpikontratazioen ondorioz lan baldintzek okerrera egin dutela esan zuten, eta egoera are larriagoa dela lan erreformagatik. Krisi ekonomikoak eraginda erakunde publikoetan eman diren murrizketek azpikontratatutako lanpostuak «suntsitzea» ekarri du, LABen esanetan.
Mozioak udaletan
Sindikatu abertzaleak zerbitzu publikoko lanak langile publikoek betetzeko eskatu zuen, eta helburu horren alde lan egingo duela esan. Bide horretan, mozioak aurkeztu dituzte Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herritan, baita bi eskualdeetako mankomunitateetan ere. Mozio horren bitartez, udal erakundeen eta alderdi politikoen konpromisoa exijitzen du LABek, zerbitzu publikoetako azpikontratetako langileen prekarietateari aurre egiteko. Besteak beste, LABek eskatzen du gutxieneko lan baldintzak herrialdeko hitzarmenak zehazten dituenak izatea; zerbitzua beste enpresa pribatu bati esleituz gero, langile guztien subrogazioa bermatzea; murrizketarik ez egitea eta langileen ordezkapenak bermatzea, baja, opor, erretiro eta abarretan; kontratatutako enpresari emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna exijitzea edota lan osasunaren arloan araudia beteko dela bermatzea.
Ondarroak eta Markina-Xemeinek bakarrik onartu dute mozioa bere horretan; Bermeon, mozioaren puntu batzuk onartu zituzten, eta aurrera begira klausula sozialak garatzeko konpromisoa hartu zuen. Gernika-Lumon, EH Bilduk alde egin zuen, baina EAJk kontra bozkatu zuen, mozioa ezeztatuz. Lekeition, aldiz, oraindik ez dute testua udalbatzarrean aurkeztu.
Mankomunitateei dagokienez, LABek esan du Lea-Artibaikoak hurrengo osoko bilkuran landuko duela, eta Busturialdekoak mozioa eztabaidatzeko asmorik ez duela kritikatu du sindikatuak.