Jon Barrenetxeak irabazi du Busturiko Udala Saria
Gastronomia Vascako txirrindularia izan zen atzo lehena Axpe auzoko helmugan.
Aitor Aretxaga Busturiko alkatearen eskutik jaso zuen saria, eta alkateagaz batera, Idoia Etxebarria zinegotzia eta Ismael Bilbao Busturiko Txirrindulari Taldeko lehendakaria aritu ziren sariak banatzen.
Barrenetxearen atzetik sailkatu zen Basati Bike-Busturia Txirrindulari Taldeko Eneko Meaurio, eta Vicinay Cadenas taldeko Jon Calvo izan zen hirugarrena.
Etxeko taldeko Lander Lartitegik ere sari bikoitza eskuratu zuen. Izan ere, 1. urteko kadete txapelduna izan zen, eta mendiko saria ere lortu zuen.
Halaber, Barrenetxea lasterketaren irabazleak tarteko helmugako saria ere jaso zuen.
Bestalde, taldeko saria Vicinay Cadenas taldeak eraman zuen.
Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako 83 txirrindularik lehiatu zuten atzo Busturiko Udala Saria. Busturia eta Forua artean bi buelta emanda, 52,3 kilometroko lasteketa burutu zuten, eta jende asko bildu zen bide bazterretan txirrindulariak animatzeko. Batik bat, etxeko txirrindulariek jaso zituzten animo oihu gehienak.
Antolatzaileen berbetan, lasterketa “gogorra” baina ikusteko polita izan zen: “Jende asko batu da ibilbidean zehar. Istripurik ez da egon, beraz, dena ondo atera da. Udalari eta babesle eta laguntzaile guztiei eskerrak eman gura dizkiegu”.