Urdaibaiko Txakolin Dastaketaren egunak hogei urte beteko ditu
Domekan egingo dute, eta bertaratutakoek sormarka duten txakolina eta Busturialdeko ekoizle txikien ardoak probatzeko aukera edukiko dute, pintxo eta guztiDomeka honetan egingo dute XX. Urdaibaiko Txakolinen Dastaketa Eguna, Foruan. Muinogorri elkarte ...
Domekan egingo dute, eta bertaratutakoek sormarka duten txakolina eta Busturialdeko ekoizle txikien ardoak probatzeko aukera edukiko dute, pintxo eta guzti
Domeka honetan egingo dute XX. Urdaibaiko Txakolinen Dastaketa Eguna, Foruan. Muinogorri elkarte gastronomikoak antolatutako ekimen horrek Busturialdeko txakolin eta ardo zurien ekoizleen edariak ebaluatu, saritu eta probatzeko aukera emango die bertaratzen direnei.Muinogorri elkarteko Enrike Agorriak adierazi duenez, «maila handiko ardoak batzen dituzte urtero; aurten, gainera, bertoko ekoizle denak egongo dira, bai txikiak bai eta sormarka dutenak ere».
Dastaketa horretarako, hogei ekoizle inguru bertaratzea espero dute antolatzaileek. Bitxia, Itsasmendi, Amunategi, Berroja, Kandi, Kukutze, Merrutxu, Omabeiti eta Talleri dira eskualdeko upategi nagusiak, Bizkaiko marka ezagunenen artean kokatzen diren txakoli ekoizleak, hain zuzen ere. Marka horiek sormarka daukate; hau da, etiketetan txakolina bezala izendatzeko baimena daukate. Hala eta guztiz ere, ekoizle txikiak ere badira eskualdean, sormarkarik ez dutenak, eta horiek ere lekua izango dute domekako txakolin egunean.
Izan ere, Agorriak adierazi bezala, inguruko ekoizleen ardo guztiak onartuko dituzte Foruan, beste toki batzuetan egiten dituzten jaialdietan ez bezala.
Bitxikeria bezala, Ajangizeko Serafin upategiak egiten duen ardo gorria aipatu du: «Sormarkarik ez izan arren beti eskatzen digute eramateko, Busturialdean ekoizten den txakolin gorri bakarra delako».
Domekan, Bizkaiko Dastaketa Batzordeko partaideak ere izango dira Foruan, ardo zuriak dastatu eta ebaluatzeko. Jon Andoni Rementeria, Javier Calzada, Roberto Gonzalez eta Bittor San Miguel sommelierrak izango dira txakolin onenak izendatzeko arduradunak. Lau horiek txakolin onenak aukeratuko dituzte; dena dela, partaide guztiek izango dituzte sariak.
11:00etan egingo dute kata, eta 12:30etik aurrera, txakolin dastaketa egongo da. Gainera, Muinogorri elkartekoek 600 eta 700 pintxo prestatuko dituzte, bertaratzen direnen gozamenerako.
Hogei urtez
Ekimen hori duela hogei urte hasi ziren egiten, baserritarren produktuei aterabide bat bilatzeko helburuagaz. Txakolin egunaren sortzaileetako bat izan zen Juan Mari Llona foruarra. Txakolin ekoizlea zen, eta traktoreagaz istripua izan zuen 2002. urtean, uzta batzen ari zela. Haren omenez, Txakolin Eguna «berak planteatu bezala» egiten dute oraindik, Enrike Agorriak azaldu duenez.
2008. urtean haren omenezko monumetua jarri zuten herrian, udaletxeko plazan.
Agorriak azaldu bezala, ekimen horren helburua da bertako txakolina eta ardo zuria balioan jartzea. «Herritarrek taberna batean ardo beltz bat bere izenagatik eskatzen duten bezala, guk txakolina ere bere izenagatik ezagutzea lortu nahi dugu» dio Agorriak; «eskualde honetan beti ekoiztu izan da txakolina». Muxika, Busturia, Kortezubi, Morga eta Gernika-Lumon kokatzen dira txakolin ekoizle gehienak.