Hormaetxea, Fort Piercen nagusi
Ekainean jokatu dituzten 'Single' deituriko kinieletan onena izan da pilotari bermeotarra. Ibai Erkiaga lekeitiarra bigarren sailkatu da bakarkako kinieletanDenboraldi ona egin du Alex Hormaetxea pilotari bermeotarrak Amerikako Estatu Batuetan, eta Flo...
Ekainean jokatu dituzten ‘Single’ deituriko kinieletan onena izan da pilotari bermeotarra. Ibai Erkiaga lekeitiarra bigarren sailkatu da bakarkako kinieletan
Denboraldi ona egin du Alex Hormaetxea pilotari bermeotarrak Amerikako Estatu Batuetan, eta Floridako Fort Pierce frontoian jokatu dituzten bakarkako kinieletan onena dela erakutsi du. Single deituriko kiniela horiek ekainean jokatu dituzte, eta 122 partida irabazita, sailkapenaren gorenean jartzea lortu du Hormaetxeak.Aurkaririk ez du izan bermeotarrak, sailkapenean bigarren egin duen Ibai Erkiaga lekeitiarrari alde handia atera baitio. 88 garaipen lortuta lortu du lekeitiarrak sailkapenaren bigarren postua. Aitor Hernaez Leo gasteiztarra izan da hirugarrena sailkapenean. Azken horrek 30 kiniela irabazi ditu.
Uda Euskal Herrian
Fort Pierceko Single kinieletan parte hartu duten gainontzeko puntistak lehenengo hiru sailkatuengandik urruti geratu dira. Horietatik gehienak estatubatuarrak eta mexikarrak izan dira: Toto, Rocco, Frank Elizalde, Lugo edo Conrado, besteak beste. Azken horiek bakarkako kiniletetan lortu dituzten emaitzak «kaxkarrak» izan direla esan du Jai Alai-k, eta horien maila pilotari euskaldunek dutenarengandik urruti dagoela.
Denboraldiari amaiera emateko jaialdian banatu zituzten sariak, eta Hormaetxea bermeotarrak erakutsitako jokoa eta emandako erakustaldia txalotu zuten ikusle estatubatuarrek.
Orain Bermeon bueltan da Hormaetxea, udako denboraldia Euskal Herrian jokatzeko prest. Beaskoetxea, Aldazabal, Mendizabal, Lekerika, Barandika eta Erkiagak ere jokatuko dute Jai Alai World Tourra uda honetan.
Gonzalo eta Etxeba-k agur
Uda honetan etxera buelta egingo dute Gonzalo Beaskoetxea gernikarrak Diego Beaskoetxearen anaia eta Jonathan Etxebarrieta Etxeba markina-xemeindarrak. Bi horiek, baina, amaiera eman diote Estatu Batuetako ibilbideari. Dania Jai Alai frontoian jokatu izan dute azken urteetan, eta agur beroa eman zioten biei.
Aurrelaria da Gonzalo Beaskoetxea (30 urte), eta atzelaria da Etxebarrieta (32 urte). Bai enpresek zein zaileek, Danian jokatu duten urteetan erakutsi duten profesionaltasuna eskertu diete bi pilotari bizkaitarrei. Agurtzeko jaialdian, gainera, opari legez erloju bana hartu zuten puntistek, Dania Jai Alai frontoiko ordezkarien eskutik.
Gonzalo Beaskoetxeak eta Jonathan Etxebarrietak hutsunea utziko dute Floridako (AEB) frontoi horretan, eta Euskal Herrian jokatuko dute datorren denboraldian.
Hala ere, enpresak jakitera eman duenez, bi puntisten tokia beteko duten bi pilotari gazte helduko dira Dania Jai Alai frontoira.