Bizkaiko Langabetuen Komisiko partaideek eraikuntza lan batzuk gelditu dituzte, protesta baketsuak eginez. Lan mundura bueltatu nahi dutela aldarrikatu dute
Bizkaiko Langabetuen Batzordeko kideek Sukarrietako parkeko saneamenduko obrak eta Bermeoko etxe baten eraikuntza lanak gelditu zituzten atzo, lan eskariak egiteko.
Hogei bat lagunek osatutako taldea Sukarrietako Marisma parkean egiten ari diren saneamendurako instalazio berrietara sartu zen 10:00ak inguruan, haiek geldiaraziz.
Komisioko bozeramaileak lanetako arduradunekin negoziatzen
Pedro Garcia Bizkaiko Langabetuen Batzordeko bozeramaileak azaldu bezala, Bizkaiko langileak kontratatzea da haien eskari bakarra: «Hemen gaudenok ez gara 20 urteko gazteak, urte asko egin ditugu eraikuntzan lan egiten, baina lan merkatua dagoen moduan eta daukagun adinagaz, irtenbide hau bakarrik gelditzen zaigu, lana aurkitu nahi badugu».
Ertzaintzak atera zituen Sukarrietako parkeko lanetatik, identifikatu ostean, eta inolako istilurik sortu barik. Legearen arabera, obretakoa ez den norbait gunera sartuz gero, lanak gelditu egin behar dira, segurtasun arrazoiengatik. «Presio modu bat da, komisioko langileak kontratatzeko, baina beti egiten dugu legearen barruan, indarra erabili gabe, eta beharrezkoa bada, baimena eskatuta», zehaztu du Garciak.
Sukarrietatik Bermeora joan ziren, alde zaharreko Nardiz-Tar Jon kaleko eraikuntza bateko lanak gelditzera. Bertan ere, lanak gelditzera behartu zituzten, eta enpresako arduradunagaz hitz egitea exijitu zuten.
«Aurretik ere hitz egin dugu enpresa honetako arduradunekin, komisioko norbait har dezaten, baina erantzunik ez dugunez jaso, bertara etorri gara protesta egitera».
Bizkaiko Langabetuen Komisioan eraikuntza munduan ibili diren langileak daude, batez ere. Hainbat urtez lanean ibili eta gero, krisiaren ondorioz kalean daude, eta lana aurkitzeko horrelako bideak baliatzera behartuta daudela diote.
Orain arte, puntu sistema baten bitartez, komisioko partaide askok lanera bueltatzea lortu dutela diote.