Santuaren egunean jai
Kostaldeko zein barrualdeko herrietan ospatu dute San Pedro eguna: Bermeon, Mundakan, Elantxoben, Lekeition, Munitibarren eta Berriatuan. Santuaren irudia atera dute kalera.A steburuan hasitakoari jarraipena emateko, San Pedro eguna ospatu dute Lea-Art...
Kostaldeko zein barrualdeko herrietan ospatu dute San Pedro eguna: Bermeon, Mundakan, Elantxoben, Lekeition, Munitibarren eta Berriatuan. Santuaren irudia atera dute kalera.
A steburuan hasitakoari jarraipena emateko, San Pedro eguna ospatu dute Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat herritan; Mundakan sanjoanekin eman zieten hasiera herriko jai patronalei, eta, sanpedroekin, jarraipena izango dute datozen egunetan ere.Atzo, santuaren egunean, txistularien kalejirarekin hasi zuten eguna mundakarrek. Eguerdian, meza nagusiaren ostean, prozesioa egin zuten herritarrek, santuagaz batera. Arrantza ona eta babesa eskatu zioten santuari atzo prozesioan ibili zirenek. Udaletxe aurreko plazara helduta, Egunsenti dantza taldeak ohorezko aurreskua dantzatu zion San Pedrori.
Arratsaldean jarraitu zuen festak kostako herri horretan. Pilota partidak jokatu zituzten frontoian, eta dantzarako doinuak jarri zituen Oxabi erromeriak gauean.
Datozen egunetan ere zegaz gozatu izango dute mundakarrek. Bihar, umeen eguna izango da. Txiki eta nagusienentzako, play back lehiaketa egingo dute, plazan.
Zapatuan, aldiz, Sukalki eguna egingo dute. 10:00etatik aurrera, kazolak prestatzen hasiko dira herritarrak, eta 13:00etan aurkeztu beharko dituzte, udaletxe azpian ipiniko duten photocall-etik igaro ostean. Gauean, Zirkiñik Bez taldearen musikagaz dantza egiteko aukera izango dute. San Pedro jaiak domekan agurtuko dituzte.
San Pedro Txiki
Elantxoben ere jai patronalak dira sanpedroak. Meza, kopaua, pilota partidak, umeentzako jolasak eta karaokeagaz ospatu zuten atzoko eguna Elantxoben. Gaur, berriz, San Pero Txiki eguna ospatuko dute. Marmitako lehiaketa egingo dute portuan, 10:00etan hasita. Bazkalostean, umeentzako jokoak eta antzezlana izango dira. Iluntzean, mariatxiekin egingo dute poteoa, portuko tabernetatik.
Zapatuan izango dute elantxobetarrek festen azken eguna. Pala txapelketaren finalagaz hasiko dute eguna, eta arratsaldean umeentzako jarduerak eta jolasak egongo dira frontoian.
Nagusiek, bestalde, musean aritzeko aukera edukiko dute, Makues erretegian. Gauean, Versus, Belatz eta Tears and Beers taldeek kontzertua emango dute frontoian.
Bermeon ere ohitura da
Herriko jai nagusiak ez, baina festa eguna izan zuten atzo Bermeon ere. San Pedro egunari hasiera emateko, txistulariekin batera kalejira egin zuen udalbatzak Goiko plazatik Santa Eufemia elizaraino. Han, San Pedro kofradiako ordezkariak zituzten zain, urtero moduan, harrera egiteko.
Meza entzun ostean, kalera atera zuten San Pedro, herritarrekin batera kalejira egiteko. Alde Zaharretik eta portutik eroan zuten santua, eta kaleko jendeak zein etxebizitzetako balkoietan zeudenek larrosa petaloak bota zizkioten.
Ostean, Gaztelun jarraitu zuten festagaz.
Antzina ohitura zen herriko arrantzaleak portuan egotea San Pedro egunean, eta haiek ziren santua ateratzen zutenak. Gaur egun, baina, hegaluzearen kanpainan hasita egoten dira Bermeoko arrantzaleak San Pedro egunerako. Horregatik, herritarrak dira herriko ohitura zahar horri urtero-urtero eusten diotenak.
Berriatuan joan den astean hasi ziren sanpedroak ospatzen, barikuko Berritxu Saria bertso txapelketagaz eta zapatuko Entsalada Egunagaz. Herenegun, ostera, zesta-puntako San Pedro txapelketaren finalak jokatu ziren. Horretan, lehenengo partidan Aimar-Aratz bikotea izan zen garailea, eta Danelek eta Xubanek osatutako bikoteak bigarrena irabazi zuen. Kinieletan, ostera, Beñat eta Ekaitz, Luken eta Nahia eta Ortzi eta Hodei geratu ziren lehen hiru postuetan, hurrenez hurren. Gaztetxoen finala, ostera, Arrasatek eta Patxik irabazi zuten.
Atzo, ostera, Bizkaiko Open 2016 esku pilota partidak jokatu ziren, plazan.
San Pedro eguneko meza 13:00etan izan zuten Munitibarren, eta ostean herriko plazan batu ziren kopaua janez, giro ederrean.
Bazkalorduan, frontoian bazkaldu zuten udalerriko erretiratu eta pentsiodunek. 60 munitibartar inguru batu ziren, lagunartean bazkari edarragaz go- zatzeko. Errusiar entsalada, bakailoa piper gorriekin, miña saltsan eta pastela eta izozkiak ere izan zituzten. Bapo jan-edan ostean, kontu-kontari eman zuten bazkalostea.
Markina-Xemeingo Barinaga auzoan meza eta eskorgaren zozketagaz amaitu zituzten jaiak. Zenbaki saritua 01151 izan zen (ordezkoa, 02209).
San Pedropean
San Pedroren irudiagaz apaindutako oihal zuriak zabaldu zituzten atzo, lekeitiarrek, herriko balkoi eta leihoetan, santuaren omenez, eta udaletxeko balkoia ere dotore jantzi zuten jaietako egun nagusirako. Urtero modura, ohiturazko dantza eta prozesioak izan ziren nagusi, eta beti bezala herritar zein kanpotar ugari batu ziren portuan eta plazan bat bera ere ez galtzeko.
Goizean goizetik hasi ziren ohitura zaharrak. Izan ere, dei eittekuekin esnatu ziren atzo lekeitiarrak. Aspaldi, etxerik etxe eta atez ate joaten ziren arrantzaleak esnatzeko, bakoitzaren izena abesti baten bidez ozen esanez, eta atzo oroitu zuten usadio hori. «Jaingoikoaren izenean esnatzeko» eskatu zuten, kalerik kale.
Lekitto Musika Bandak lagundu zituen udal ordezkari eta Kofradiako arduradunak mezatara, eta urtero legez, amaitutakoan, kalera atera zuten San Pedroren irudia, elizatik porturaino prozesioan eramateko. Portuko santuaren aurrekaldea jendez beteta egon zen Kilin-Kalakoa ikusteko, eta «aieneka» erantzun zioten uretara jaurtitzeko keinuari.
San Pedropean dantzatu zuen hasteko Kaxarranka Asier Uskolak, eta kofradia aurrean eta plazan ere eskaini zuen antzinako dantza ikusgarria, pauso bat ere galdu barik.
Uskola, baina, ez zen izan atzoko dantzari bakarra. Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeko andrazkoek aurreskua dantzatu zuten plazan, hainbat gizonezko bertara aterata.
Egun nagusia joan bada ere, domekara arte jarraituko dute jaiek.