09:00etan hasiko da proba Gabika auzoan, eta arratsaldera arte luzatuko da.
Momentuz 40 zaldizkok eman dute izena, eta
gauerdian itxiko dute izen ematea. Euskal Herriko zaldizkoakaz batera, kanpotik etorritakoek ere parte hartuko dute. Momentuz, Herrialde Katalanetako zortzi bat zaldizkok, eta Kantabriako pare batek eman dute izena. “Eskualdeko lau partaide daude izena emanda momentuz; hiruk 40 kilometrokoa egingo dute, eta beste batek 80 kilometrokoa”, azaldu dute antolatzaileek.
Bost kategoria lehiatuko dituzte:
CEI 80 km, CEN 80 km, CEN O 80 km, CEAP 60 km eta CEAP 40 km. Aurten, 80 kilometrokoan
(CEN O 80 km), Bizkaiko txapelketa egongo da jokoan.
Gabika auzoan hasi eta amaituko dute proba. Goiztiarrenak,
ibilbide luzeena egingo dutenak, 09:00etan irtengo dira. Bestalde,
10:00etan ekingo diete lehiari 60 eta 40 kilometroko ibilbideak egingo dituztenek. Hala, partaideek ordu bete bat lehenago egon beharko dute irteera lekuan.
Gabika auzotik Ereñoko herrigunerantz abiatuko dira, San Migeletik. Herria zeharkatu ostean, baso bideetatik Nabarnizera joango dira. Handik Illunzarrera igo, eta bueltako bidea San Kristobaletik egingo dute.
Hain zuzen ere, bi ibilbide ditu raidak. Bata, azaroan inauguratu zuten
IE-042 Ereño-Nabarniz zaldi ibilbidea da, eta bestea horren paretik pasatzen da.
Sari banaketa, arratsaldean
Egun osoko proba denez,
sari banaketa arratsaldean egingo dute.
Antolatzaileen berbetan, “ibilbide luzeena egiten dutenen artean, azkenak 17:00 inguruan heltzen dira, eta horregatik, partaide denek amaitu ostean banatuko ditugu sariak”.
Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurentzat egongo dira sariak. Era berean, maila bakoitzean lasterketa baldintzarik onenetan amaitu duten zaldiak ere sarituko dituzte.