Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuaren udako uretako kirol egitaraua berrikuntzekin dator aurten. Ohiko eskaintzez gain, erabiltzaileek
igeriketa terapeutikoa,
SUP,
erabilera librea materialekin eta
trabesiak prestatzeko ikastaro bereziak izango dituzte aukeran. Era berean, urteroko akuagym, akuarunning eta umeentzako ikastaro trinkoak ere eskainiko dituzte.
Hainbat lagun SUP egiten, Mundakan
Kirol Patronatutik azaldu dutenez, “
igeriketa terapeutikoak uraren gaitasun terapeutikoagaz baliatuta
minak arintzea du helburu“. Besteak beste,
bizkarreko arazoak dituztenei eta
haurdun dauden emakumeei zuzenduta dago, batez ere. Astelehenetan izango dira saioak: 10:00etatik 10:40ra eta 19:45etik 20:25era.
SUP ikastaroa, berriz,
12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Bi orduko egun bateko saioak izango dira, eta Bermeoko Portuan batuko dira horretarako.
Uztailaren 16an, 23an eta 30ean 11:00etatik 13:00etara izango dira ikastaroak. Saio horietan parte hartzeko ezinbestekoa da igeri egiten jakitea.
Era berean, material espezifikoekin igeri egin behar duten horientzat, materialen erabilera librea egiteko hainbat ordutegi eskainiko ditu Kirol Patronatuak.
Uztailean eta abuztuan, berriz,
igeriketako trabesiak prestatzeko ikastaro bereziak ere eskainiko dituzte.
Ordubeteko saio bi izango dira astean: eguaztenetan eta barikuetan 19:45etik 20:45era. Saioak Araneko kiroldegiko igerilekuan, Aritzatxu hondartzan eta Bermeoko portuan egingo dituzte.
Ohiko ikastaroak ere ez dira faltako udan. Akuagyma, esaterako, adin guztietako pertsonei zuzenduta dago. 45 minutuko saioak dira, eta goizez izango dira. Akuarunning ekimenagaz, berriz, uretan korrika egitean gorputzaren beheko atala sendota gura da, inpakturik gabe. 40 minutuko saioak dira eta goiz zein arratsaldez egin daiteke.
Astelehenetik barikura, bestalde, umeek igeriketa ikastaro trinkoetan parte hartu ahalko dute.
Horietan guztietan parte hartu gura dutenek, Araneko kiroldegian eman beharko dute izena.