Asteburu pasa antolatu dute Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek
Aragoiko (Espainia) Guara mendilerrora irteera bateratua egingo dute uztailaren 8tik 10era Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek.Uztailaren 8an irtengo dute, eta autobusak honako orduetan hartu ahal izango dira: 17:30ean Markina-Xemeinen, 17:45ean On...
Uztailaren 8an irtengo dute, eta autobusak honako orduetan hartu ahal izango dira: 17:30ean Markina-Xemeinen, 17:45ean Ondarroan eta 17:50ean Mutrikun. Lea-Artibai eta Mutrikukoak batu ondoren, Alquezar (Huesca, Espainia) aldera abiatuko dira. Bertako aterpean igaroko dituzte uztailak 8ko eta 9ko gauak, eta mendi taldeetako arduradunek adierazi dutenez, izara eta lotarako zakua eramatea komenigarriak dira.
Mendi irteera bi egingo dituzte. Hilaren 9an 23 kilometroko mendi ibilaldia egingo dute; Tozal de Guara (2.076 metro) mendira igoko dira Santa Cilia de Panzanotik. Hilaren 10ean, aldiz, Alquezar eta Vero erreka inguruetan 12,5 kilometroko ibilaldia egingo dute. «Nahi duenak errekan bainua hartzeko aukera ere izango du».
Burumendi, Aurrera, Lumentza eta Artibai mendigoizale elkarteko kideek iragarri dutenez, irteerara joateko interesa dutenek gaur edukiko dute izena emateko azken aukera, ohiko lekuetan.