Berazel, Bermeoko Azokako Elkarteak, Txiki-Txef lehiaketa antolatu du. Txef fazteak ezagutzeko eta plater gozoak prestatzeko lehiaketa dela azaldu dute antolatzaileek, eta
5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutakoa da.
Ume eta gazteak arrainagaz platerak prestatzen, Arrain Azokan
Lehiaketa horretan parte hartu gura duten umeek
uztailaren 4a (astelehena) izango dute
izena emateko azken eguna. 615 71 06 47 edo 650 61 37 59 telefono zenbakira deitu behar da izena emateko.
Txiki Txef lehiaketa
bi egunetan egingo dute, eta Bermeoko azokan bertan izango da.
Uztailaren 9an lehen hautaketa egingo dute, eta
uztailaren 16an, berriz, finala. Berazeleko kideek azaldu dutenez, sukaldari profesional bat egongo da Txiki -Txef lehiaketaren irabazlea aukeratzeko epaimahaian.
Uztailaren 9ko lehen hautaketa
10:00etan hasiko da. Proba horretan, lehiaketan izena eman duten lehenengo
50 gazteek parte hartuko dute, eta lehen hautaketa horretan,
finalean parte hartuko duten
10 umeak aukeratuko dituzte.
Gura duten platera
Parte hartzaileek gura duten platera egin ahalko dute.
Osagaiak etxetik eroan beharko dituzte prestatuta. Ondoren,
plazan bertan landu beharko dute platera: “Esate baterako, oilasko entsalada bat aurkeztu gura badute, etxetik ekarri beharko dute plazara oilaskoa prestatuta eta barazkiak zatituta, plazan lantzeko”, azaldu dute.
Uztailaren 16ko finala 11:00etan hasiko da. 10 finalistek
sukaldari profesionalek aukeratzen duten platera prestatu beharko dute, eta
erosketak plazan egin beharko dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “finalistek gogor lan egin beharko dute, ez dutelako denbora handirik edukiko”.
Irabazlea aukeratzerako orduan, epaimahaiko kideek
plateraren originaltasuna eta zaporea kontuan hartuko dituzte. Txef guztiek aurreko mantala eta diploma bana jasoko dituzte. Irabazleak, berriz, txapel dotore bat, kopa distiratsua eta sukalderako tresna bikainak jasoko ditu saritzat.
Bermeoko kalitatezko produktuak eskaintzen dituen udal azoka indartzeko ekimena dela diote antolatzaileek. Era berean, elikadura osasuntsua bultzatzeko modua ere badela uste dute. Hala, sukaldea gustuko duten 5 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxoak gonbidatzen dituzte lehiaketan parte hartzera.