Asteburuan hasitakoari jarraipena emateko, San Pedro eguna ospatu dute kostako hainbat herritan; Elantxoben, Bermeon eta Mundakan, kasurako. Azken herri horretan sanjoanekin eman zieten hasiera herriko jai patronalei, eta, sanpedroekin, jarraipena izango dute datozen egunetan ere. Gaur, santuaren egunean, txistularien kalejirarekin hasi dute eguna mundakarrek.?Eguerdian, meza nagusiaren ostean, prozesioa egin dute herritarrek, santuarekin batera; eta Egunsenti dantza taldeak ohorezko aurreskua dantzatu du. Pilota partidak izango dira 18:30ean, eta Oxabi erromeriak girotuko du gaua.
Bermeon, txistulariekin batera, kalejira egin du udalbatzak Goiko plazatik Santa Eufemia elizaraino. Han, San Pedro kofradiako ordezkariak zituzten zain, urtero moduan, harrera egiteko. Ostean, kalera atera dute San Pedro, herritarrekin batera kalejira egiteko. Etxebizitzetako balkoietatik larrosa petaloak bota dizkiote.
Meza ostean, Gaztelun jarraitu dute festa.
Elantxoben, meza ostean hamaiketakoa egin dute herritarrek. Arratsaldean, pilota partidak eta umeentzako jolasak izango dira.