Jaietako libururako artikuluak aurkezteko azken eguna da gaur
Bermeoko Udalak 2016ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuan argitaratuko diren artikuluak edo lanak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa egin du aurten ere. Horiek aurkezteko azken eguna da gaur. Lanak Gizarte eta Kultur Etxeko Kultura...
Bermeotar guztiei zuzendutako ekimena da, eta kultura zinegotzi Aingeru Astuik dioenez, «herri mailako sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatzea eta zabaltzea da horren helburua, sortzaileei euren lanak ezagutarazteko aukera emateaz gain».
Aurkez daitezkeenak Bermeoren inguruko kondairak, istorioak (benetakoak zein fikziozkoak), ipuinak… izan daitezke. Horrez gain, Bermeogaz edo ber- meotarrekin zerikusia duten kultura, hezkuntza edo gainontzeko arloetako sortzaileen lanak izan daitezke, betiere, iritzi artikuluak ez badira. Honako gaiei buruz idatzi ahal da: antropologia, folklorea, hizkuntza, historia, fikzioa, ahozko zein idatzizko literatura, kultura, artea, musika…
Udalaren deialdi horretan 16 urtetik gorako bermeotarrek edo Bermeon bizi diren herritarrek parte hartu ahal dute. Dena den, 16 urtetik beherakoen lanak ere argitaratuko dira bertso paper lehiaketan, ipuin eta narrazio lehiaketak edo mota horretako gainontzeko lehiaketetan sariak irabazitako herritarren lanak badira.
Argazkiekin bost orri
Lan bakoitzak, gehienez, 10.000 karaktere izan beharko ditu, hutsuneak kontuan hartuta. Gutxi gorabehera lau orrialde dira, testu hutsa baldin bada. Testua argazkiekin osatua baldin badago, orri bat gehiago eduki ahal du.
Partaide bakoitzak lan bat edo bi aurkeztu ahal ditu. Lanek izenburua eduki behar dute, eta testuagaz batera egilearen datuak agertu behar dira. Lanak paperean aurkezteaz gain, euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko dira, word formatuan, hain zuzen. Era berean, testuagaz batera ilustraziorik edo argazkirik aurkeztekotan, jpg formatuan aurkeztu beharko direla jakinarazi dute.