Bitartekari lanpostua betetzeko deialdia egin du Astrak
Astrak bitartekari lanpostua bete behar du, eta horretarako deialdia egin du. Deialdi horretara aurkezten diren hautagaiek aukeraketa prozesu batean parte hartu beharko dute. Aukeraketan, gainera, noizbait Astra Koordinadoraan parte hartu duen edonork parte har dezakeela jakinarazi dute.
Lanpostu deialdian parte hartzeko baldintzak ere jakitera eman ditu Astra Koordinadorak. Astra proiektua ondo ezagutzea, proiektuaren filosofia barneratuta izatea, Gernikaldean bizitzea, Gernikako elkarte eta gizarte zein kultur mugimenduaren errealitatea ezagutzea, langabezian egotea, euskaraz jakitea eta bertoko euskara ulertzeko gai izatea eta euskaraz modu egokian idazteko gaitasuna izatea dira baldintzak.
Uztailaren 14a baino lehen
Lanpostuak zer eskaintzen duen ere jakinarazi dute: lanaldi erdiko kontratua – astean bost egun eta egunean lau ordu–; soldata gordina hilean 600 eurokoa izango da –gizarte segurantzarekin–; soldataren parte bat derrigorrezko beharrizanak asetzeko baliabideetan jaso daiteke, dirutaan jaso ordez; lan talde dinamiko batean sartzea; Astra proiektuari bultzada emateko eta esperientzia aberasgarriak izateko aukera.
Eskabideak egiteko, info@astragernika.net-era idatzi behar da (izen, abizen eta telefono zenbakia eta bitartekari lanposturako dela jarriz),uztailaren 14a baino lehen.